Kronika | LAB-en Batzar Nazionala
Ekonomia suspertuko bada, Madrilekin haustera deitu ditu langileak LABek
Hauteskundeetan izandako gorakadak indartuta, Atano III.a pilotalekua leporaino bete zen atzo LAB sindikatuko ordezkarien Batzar Nazionalean. Krisia gainditzeko eta «aldaketa» posible izan dadin, Euskal Herriaren burujabetza funtsezkoa dela defendatu zuten. LABek lanpostuetatik «borrokan tinko» jarraitzeko prestutasuna agertu zuen.
Janire ARRONDO
Lantegietako ordezkari sindikal lanetan urte ugari daramatzatenen artean zein postua estreinatu berri dutenen artean, milatik gora lagun bildu ziren atzo LABen urteko Batzar Nazionalean eta gero Donostian barrena egin zuten manifestazioan. Goizeko hamar eta erdietarako Atano III.aren atarian garaiz bildu zen jendea, ahotan albiste bera zutela: Eibarren eraikuntzan lanean ari zen lagunaren heriotza. Aurtengo hamargarren «egun beltza» izan zen atzokoa. Ekitaldiaren hasieran oholtza gainera igo ziren lau lagunek gogorarazi zuten bezala, 84 izan dira 2010ean hildakoak, horietatik 23 amiantoaren eraginez; 1996tik gaur arte, bestalde, 1.853 heriotza izan dira lanpostuetan. Sindikatuko ordezkariek salatu zutenez, «babes neurrien araberakoa da heriotza maila lanean». Gainera, heriotza gehiago gerta ez daitezen, behar dena «borondatea» dela defendatu zuten.
«Sindikatu egonkortua»
Batzarrean, baina, krisiak eta erreformek protagonista izaten jarraitu duten 2010. urtearen balorazioa egitekoa bazen ere, Euskal Herri osotik iritsitako ordezkari sindikalek argi zuten hauteskundeetan izandako gorakada nabarmena izango zela atzo hizketagai. Jabi Garnika idazkari nagusi ondokoak egin zuen azken hilabeteotan lantegietan izan diren hauteskunde sindikalen balorazioa. Alor publikoan eta hainbat enpresa pribatu handitan ordezkaritza igoera nabarmena izan ondoren, «pozik egoteko moduko» emaitzak direla nabarmendu zuen, «gizarte indibidualista eta insolidario baten aurrean nabarmentzeko modukoak».
Hala ere, emaitza horiek LAB sindikatu «egonkortua» dela erakusten badute ere, «konformismoan ez erortzera» dei egin zuen Garnikak: «Anbizioz jokatu behar dugu; LAB indartu behar dugu independentzia eta sozialismoren bidean gure eskaintza sindikala egin behar dugu».
«Lortuko dugu aldaketa»
Azken bi urteotan LABek zein euskal sindikalgintzak eraginda egin diren mobilizazioetan «benetako aldaketa lortuko ote dugun» galdera askotan entzun duela nabarmendu zuen Ainhoa Etxaidek. Erantzuna argi zuen berak: «Lortuko dugu, bide luze baten ondoren».
Horretarako, baina, sindikatuaren jardunera gero eta jende gehiago biltzeko ahalegina eskatu zien han bildu ziren ordezkariei. Era berean, «datozen belaunaldiekin bat egitea» beharrezkoa dela adierazi eta Euskal Herriak baduela «altxor» hori baieztatu zuen. Gauzak horrela, joan zen astean Izpuran (Nafarroa Beherea) itxialdian izan ziren eta egunotan atxilotuak izaten ari diren gazte independentistak hartu zituen ahotan haien elastiko gorria ateraz: «Gazte independentista gehiago atxilotu dituzte; oraingoan torturatik ihesi Ipar Euskal Herrira joandakoak. Euskal Herriak benetako etorkizuna izango badu, gazteek lan egiten dutelako da».
Duela urtebete leku berean egin zuten Batzar Nazionalean bestelako eredu ekonomiko eta sozialaren alde, langile eskubideak defendatuz lan egiteko apustua egin zutela gogorarazi zuen LABeko idazkari nagusiak. Etxaidek, eurek «jarrera sindikala finkatzeko» langileengana jo dutela defendatu eta CCOO zein UGT sindikatuek Madrilen Gobernu espainolarekin hitzarmenak egin izana salatu zuen. Europa osoan horrelako hitzarmenik ez dagoela esan zuen idazkari nagusiak. «CCOOk eta UGTk euskal sindikalgintza indargabetu nahi dute, baina guk apustu hori neutralizatuz erantzungo dugu». «Gaizki hasitakoa, gaizki amaitzen da», esan zuen Etxaidek eta irtenbiderako bide bakarra dagoela: «Euskal sindikalgintza».
«Langileen kontura»
Gobernu espainolak daraman bidearekin «ez dago susperraldi ekonomikorik», Etxaideren ustez, eta esku artean darabiltzaten «egokitzeak» «murrizketak» direla argi utzi nahi izan zuen, «langileen kontura egindako murrizketak». Hala, soldatak produktibitateari lotzeko proposamenaren gainean, «tamalez» instituzioetako ordezkariek Angela Merkel alemaniar kantzillerraren hitzak «errepikatu besterik» ez dutela egiten azaldu zuen. Proposamenaren helburua «langileen soldatak jaistea da», Ainhoa Etxaideren hitzetan.
Gobernu espainolak «energia murrizteko» hartu duen neurria ere gogor kritikatu zuen: «Ezin da batean gauza bat esan, bestean bestea eta bietan arrazoia eduki. Lehen presa genuen edonora iristeko, denborak garrantzia zuen. Orain ezin da autoen abiadura 110 km/h-ra jaitsi, eta inongo justifikaziorik ez duen AHT inposatu».
Euskal Herria apustu
LABek hauteskundeetan igoera izan badu, nabarmena izan da gorakada hori EAEko hezkuntza publikoan, lehenengo indar bihurtu baita. Isabel Celaa Hezkuntza sailburuari «bere postua botoek eman diotela esan zuen, eta ez langileek». Etxaidek, baina, langileek patronal gisa nahi ez badute «herri honen gidaritzan ez dutela nahiko» gogorarazi zion. Era berean, bere kargua «tranpa eta ultraeskuinarekin itunak eginez» lortu izana egotzi zion Hezkuntza sailburuari. Horregatik, «hauteskunde demokratikoak behar direla azpimarratu nahi izan zuen LABeko idazkari nagusiak.
«Eskubide guztiak errespetatzen diren eszenatoki batetik iritsiko da bakea», esan zuen Etxaidek. Zentzu horretan, ezker abertzalearen legeztatzea, espetxe politikaren erreforma, tortura amaiaraztea edo eskubide zibil eta politikoekiko errespetua zehaztu zituen. Aldi berean zalantzan jarri zuen Estatu espainola Euskal Herriarekin duen arazoa konpontzeko prest dagoen ala ez. Maiatzeko hauteskundeak «demokratikoak» izatea derrigorrezkotzat jo zuen sindikatuaren gidariak eta, bere ustez, «Sorturen sorrerarekin piztu diren ilusio eta itxaropenek egungo egoera ekonomiko eta sozialarekin talka egiten dute».
Euskal Herrian ireki den aro berrian ezker abertzalearen legeztatzea nahitaezkoa dela esateaz gain, LABeko idazkari nagusiaren ustez, horretatik iritsiko da gizartearen irtenbidea zein langileen egoeraren konponbidea.
Gauzak horrela, «instituzioak aldaketaren eta langileen zerbitzura jar daitezen» EAJk, PSOEk, PPk eta UPNk osatzen duten «bloke bakar» horren aurrean «gehiengo berriak» lortzeko apustua egin zuen: «Alternatiba ezkertiar, abertzale eta langileen aldekoa da Euskal Herriak behar duena».
Etxaideren ustez, «Madrilekiko mendekotasun eta dependentzia oztopo da Euskal Herriko ekonomiarentzat, baita desastre bat ere langileen eskubideentzat». Horregatik, irtenbiderako gakoa burujabetza dela defendatu eta urratsak zein ekimenak finkatu behar direla ohartarazi zuen; «aldaketak langileak behar ditu», zioen.
«Bidea egitera goaz, oinarri sendoak ditugulako, LAB horretarako sortu genuen», amaitu zuen Etxaidek.
«Presoak lantegietara»
Euskal presoak ere gogoan izan zituzten atzoko LABen Batzar Nazionalean. LABeko kide batek eurei zuzenduriko gutun bat irakurri zuen, «idatzi beharreko azkena izango den esperantzarekin». Hala, presoen Euskal Herriratzea exijitzeaz gain, lantegietan nahi dituztela esan zuten: «Libre gaudenok ere libreak izateko, zuen askatasuna behar dugu». Horregatik, LABek datozen hilabeteotan lanpostuetara eramanez indartuko du presoak etxeratzearen aldeko aldarria. Martxoaren 3ko ingurumarian, bestalde, 1976an Gasteizen hil ziren bost langileak ere gogoan izan zituzten.
Eguerdiko hamabietan, Batzar Nazionalari amaiera emanda, pilotaleku barrutik kalera atera zuen LABek langileen eskubideen aldeko aldarria. Donostiako kaleak zeharkatuz PSEren egoitza atariraino, «Demokrazia Euskal Herriarentzat. Langileontzat» lelopean manifestazioa egin zuten.