GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Gauza guztien arrazoia

 

Nondik dator miresmena? Haurrak garenean gizaki handiak miresten ditugu, pixka bat geroago auzoko haurren bizikletak, geroxeago haien aitaren auto katxarro handia, handik pixka batera auzoko nesken edertasuna da miresten duguna… Gogoan dut nire ikastolan bazela mutil bat, karisma eta klase handikoa: Haitz. Sekulako gaitasuna zeukan nabarmentzeko, koroaren gainetik ahotsa altxatzeko. Tipo sanoa zen, nahiz kaskarin samarra, eta gelako alproja handienetakoa, baina irakasleek errespetu handia zioten, gelako ikasle prestuei baino gehiago seguruen, tipoak eskola orduak besteak xaxatzen pasatzen zituen arren. Bere graziaren aurrean, amore ematen zuten irakasleek, errenditu egiten ziren. Edertasuna zen? Ez dut uste. Besteak negar malkotan uzteraino barre eginarazteko ahalmena, akaso. Baina ez, bazen beste zerbait, hitzez azaldu ez litekeena, eta, justu horregatik, bihotz gogorrenak biguntzen zituena. Misterioa. Liderrak, liderra zenez, tropela izaten zuen beti atzetik, denak mutilaren graziak eta balentriak txalotzeko prest, baina ez zen edonorekin ezkontzen, ez horixe. Gelako mutil gaiztoenak biltzen zituen aldamenean. Ez, derrigor, gaiztakeriak egiteko, baina bai gaiztoak izaten zirelako lagunen artean lagunenak, inoiz inor saltzen ez zutenak, eta hori, badakizue, bizitzan lor litekeen altxorrik handiena da. Irakasleen aurrean otzan agertzen zirenak, gehienetan, kontakatilu hutsak izaten ziren. Eta gaiztoen artean ni neu aise ibiltzen nintzenez, hark bere lagunen artean onartu ninduen: a zer plazera! Urteak joan dira, hogei dagoeneko, eta, lotsagarri samarra bada ere, ohartu naiz bizitzan egin ditudan gauza guzti-guztien arrazoietako bat bera liluratzea izan dela. Miresten duenak bai baitaki, zein ederra den mirestea… eta zein gutxitan gertatzen den!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo