GARA > Idatzia > Kultura

Anton Abbadia euskaltzalearen bideari jarraituz, larunbat berezia Hendaian

GARA | HENDAIA

Hendaiako ikastolak jardunaldi berezia antolatu du Hendaian datorren larunbaterako, hilak 5, Martxoan Hendaia Euskaraz! ekimenaren egitarauan. Izan ere, Anton Abbadia bidaiari, ikertzaile, zientzialari eta euskaltzale handiak euskal kulturari egindako ekarpenaren garrantzia aldarrikatuz, hainbat ekintza egingo dituzte, eta «euskal hitzarekin, mundutik hona eta hemendik mundura» joateko asmoa gauzatuko dute, horretarako, urrutiko ahotsak bertako ipuinekin elkartuz.

«Ipuin ibilaldia» egingo dute, esaterako, Kanetan hasi, eta herriko etxearen ondoan amaitu. Itsas bazterrean Afrikatik heldutako istorioak entzun, eta handik herrirako bidea egingo dute, musikariak dituztela bidaialagun.

Bestalde, merkatu zaharrean «aperitifa-krakada» egingo dute. Bertsolari eta ipuin kontalariak izango dira bertan, XIX. mendean Abbadiak bultzatu zituen Lore Jokoetan egin bezalatsu. Itziar Rekalde eta Joxemari Carrere arituko dira ipuin kontatzen, eta bertsotan, berriz, Amets Arzallus.

Antton Abbadiaren bideari jarraituz, urrutiko lurraldeak eta hango historiak ezagutu, eta gurera ekartzea dute asmoa, hala, «munduaren handitasuna ulertuz, eta gure ttipitasunaren handitasuna maitatuz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo