GARA > Idatzia > Kirolak> Saskibaloia

Bilbao-Bizkaia marka, NBAren helburu turistiko ofiziala

NBAk Bilboren irudia zabalduko du Europan

Datorren asteburuan Londresen jokatuko den NBAko partida ofizialean agerraraziko dute Bilbao marka. 2013ko neurketa itxi gabe dago oraindik.

GARA | BILBO

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak National NBArekin eta munduko saskibaloi liga garrantzitsuenaren babesle BBVArekin zehazturiko hitzarmena aurkeztu zuten atzo. Hala, Bilbo Europan NBAren helburu turistiko ofiziala izango da datozen lau urteetan eta 2013an Bizkaia Arenan NBAren parti-du bat ospatzeko aukera ere izan liteke. Aurten, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak 200.000 euro jarri dituzte hitzarmen hau lortzearren.

Bilbao-Bizkaia markaren eta NBAren arteko loturak, Bizkaiko hiriburua helburu turistiko bilakatuko du, batez ere AEBetako saskibaloi ligak Europan gauzatuko dituen ikuskizun askotarako -partida ofizialak barne-. Horien artean dira hurrengo asteburu honetan bertan Londresen jokatuko dituenak.

Izan ere, bihar eta etzi New Jersey Nets-ek eta Toronto Raptors-ek elkarren aurka jokatuko dute Londresko The 02 Arena pabilioian eta Bilbao markak tokia izango du bertan.

NBAren Europako ikurra

«NBAk Europan egiten dituen neurketetan gure ikurra presente izan dadin jarri dugu diru hau guztia», adierazi zuen Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. «Horrez gain, neurketa bat hona ekartzea lortzen badugu, hainbat hobeto», gaineratu zuen.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren aburuz, berriz, «kontu hauetan guztietan diru publikoa sartzeak badu arrazoirik, hain zuzen, inbertsio horrek ekonomikoki izan ditzakeen ondorio onak, kirol mailan izan dezakeen garrantziaz haratago».

Sophie Goldschmidt Europako NBAren lehendakariordeak, bestalde, Bilbori «ongi etorria» eman zion «NBAren familiako kide gisa». Bizkaiko hiriburuak izango duen zeregin garrantzitsua nabarmendu zuen, Europa osoan egingo diren ikuskizunetan, saskibaloiaren sustapenerako oro har eta NBA sustatzeko bereziki. Hitzarmen honen barruan, European Life Tour delakoan partida bat Bilbon ospatzeko aukera jasotzen da, Bizkaia Arenan, alegia. NBAk Europa kontinentalean -britainiar uharteetatik kanpo, alegia- ospatuko lukeen lehenengo liga partida litzateke, 2013. urtean jokatuko litzatekeena bera, baina aukera horrek oraindik itxi gabe jarraitzen du.

Horren harira, BBVAko Vicente Mestrek, 2013an partida Bilbao Arenara ekartzeaz gain, 2014ko Munduko Saskibaloi Txapelketaren aurreneko fasean «AEBetako selekzioa Bilbora ekartzen» ahaleginduko direla agindu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo