GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Zerbait aldatu da

 

Segiko gazteengandik ikasgai handia jaso dugu azken aste hauetan. Hogeita piko urte eta Euskal Herriaz duten irudiak, gure herriarentzat ikusten duten geroak, baikor izateko sentimendua hedatu du. Lan politikoa egiteagatik preso eraman dituzte. Haatik, aldi honetan ez zaie merke ateratzen ari. Orain arte inongo deliturik egin gabe eraman eta kondenatu dituzte, askatasunen kontra frantses Estatuan zabaltzen diren erasoak etengabe aurrera joaten baitira. Aldi honetan ezin izan dute askatasun urraketa hau gorde. Gazteek gertakaria plaza publikora ekarri dute, eta egoera honen aitzinean erakusten duten lasaitasun eta kontzientziak elkartasuna indartu du. Beren militantziaz harro baitira: herri honek independentzia merezi duela aldarrikatzen dute ozen. Mezua denek entzun ahal izan dute.

Endika lurrean ikusi dugularik, polizia gainean zuelarik, bortizkeria nabarmen, bilatuaren aurrean... militante politiko sinplea izateagatik horrela tratatzen dituztelarik, delitu bat delarik tartean, nola tratatzen dituzte ba? Bortizkeriaren erabiltzeko lotsarik ez dago eta Poliziaren ausardia oso urrun joan daiteke. Hautetsien presentziak ez du Poliziaren portaera saihestu, portaera onartezina izan da han zeuden poliziena, hautetsiek ez zutelarik lanjerrik suposatzen. Legea dela zioten. Zer lege? Zein legek ondorioztatzen al du Poliziak bortizkeria erabili behar duela eraso ez diotelarik?

Euroaginduak legedien lerratzea azaleratzen du. Gizarte honek askatasunen desagertzeko bidea hartu du eta ez dakigu noraino joanen den ez badira urrats horiek gelditzen.

Arabiar herrialdeetan gertatzen ari dira mugimenduak, askatasun aldarrikapenak etengabe aipatzen dira frantses prentsa guztian, eta hau txalogarria da, luzaz agintari zapaltzaileak jasan behar izan baitituzte. Frantziak ez zituen mugimendu horiek aurreikusi, Frantziak soilik Parisen gertatzen dena begiratzen baitu eta elite baten interesak babesten ibiltzen baita. Azken neurriak, ISFen arintzearena adibidez, horren froga dira. Baina Frantziak ezin ditu diktadoreen kontrako mugimenduak saihestu, goraipatzera behartua da. Ez da berdin gertatzen askatasun mugimendu horiek hurbilago direlarik. Horien isilarazteko bortizkeria erabiltzen du, horrela uler daiteke hautetsien kontrako bortizkeria. Hemen gertatzen dena isilarazi nahi du.

Segikoek lortu duten elkartasuna abertzaleen eremuetatik urrunago heldu da. Iratiri Hendaiako sozialistek eskaini dioten babesa pozgarria da. Portugaleteko sozialistek sostengu hori ematen al diote? Portugaleteko sozialistek hobesten al dute militante politikoen espetxeratzea? Hendaiako sozialistek harresia egin dute Iratiren inguruan. Europe Ecologie alderdiko Alicek harresia egin du lotsarik gabe, asmo elektoralistarik gabe, justiziaren alde. Aurreko mendeko 80ko hamarkada heldu zaigu gogora, Mitterrand ez zelarik oraindik presidente, sozialistekin lan egiten genuen garaia. Ematen du elkarlana posible dela. Abertzaleak hor gaudela gogoratu direla dirudi, independentziaren aldeko aldarrikapena politikoa dela, autodeterminazioa eta independentziaren aldeko lan politikoa ez dela delitu gurekin defenditzeko prest direla. Gertakari horiek ikusiz zerbait gertatzen ari dela pentsa daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo