Mutualitateen gastu asko Osakidetzak ordaintzen dituela salatu du CCOOk
Bi ebakuntza jasan zituen sukaldari baten bajak laneko jatorria duela ebatzi du INSSk. CCOOk salatu duenez, Osakidetzak askotan ez du gaixotasunen laneko jatorriaren susmoen berri ematen, eta ondorioz, mutualitateei dagozkien gastu asko erakunde publikoak ordaintzen ditu.
GARA |
Gizarte Segurantzako Institutu espainolak (INSS, erdarazko sigletan) laneko jatorria aitortu berri dio iaz sukaldari batek jasan zuen aldi baterako ezintasunari edo bajari, CCOO Euskadi sindikatuak jakinarazi eta Europa Press agentziak atzo zabaldu zuenez.
50 urteko sukaldariak zaharren egoitza batean egiten du lan 2007. urteaz geroztik. Iaz ebakuntza kirurgikoa egin zioten Osakidetzan, lehenik ezkerreko eskuan eta eskuinean handik bi hilabetera, «karpo-tunela deritzon sindromearen ondorioz».
Hala, CCOOk gogor salatu du ez Osakidetzako Traumatologia sailak, ezta MGO Prebentzio Zerbitzuak ere ez zutela gaixotasunak laneko jatorria izan zezakeen susmoaren berri eman. Modu horretan, sindikatuak baieztatu duenez, «Fremap mutualitateari dagozkion gastuak Osakidetzak ordaindu zituen».
Bereziki emakumeek jasaten duten eta batez ere lan jarduerak sortzen duen «karpo-tunel sindromearen askotariko lesioak ikusarazi, aitortu eta saihesteko» kanpaina abian du CCOOk Lan Osasunaren alorrean. Hala, lantokiko prebentzio delegatu baten bidez izan zuen kanpaina honen berri sukaldariak eta INSSan erreklamazioa aurkeztea erabaki zuen.
Gizarte Segurantzako Institutuak ebatzi duenez, «ebakuntza kirurgikoak sorturiko baja denboraldiek laneko gaixotasun batean dute jatorria». Ondorioz, Fremap mutualitateak bere gain hartu behar izan ditu bajaren prestazio ekonomikoak.
Osasun Publikoa kaltetu
CCOOk adierazi duenez, esparru honetan egiten duen lana indartzen ari da, «gaixotasunen laneko jatorria ezkutatzen duten kasuak» asko direlako, eta laneko jatorria aitortu gabe mutualitateek ordaindu beharko lituzketen milioi askoko gastuak Osakidetzak ordaindu behar izaten dituelako. Zentzu horretan, osasun alorreko profesionalen eta kudeatzaile politikoen «axolagabekeriaren» atzean zer dagoen galdetu du sindikatuak, «mutualitateek superabit izugarria duten bitartean, larritu gabe erakunde publiko bati baliabideak nola lapurtzen dizkioten ikusten dutenean».
CCOOk adierazi duenez, horren guztiaren atzean «Osasun Publikoa kaltetzeko helburua» dagoela susmatzen du, hala, osasunari loturiko zerbitzuak «enpresarioek kudeatzen dituzten» mutualitateen esku uzteko.
Osasun Publikoa kaltetzeko asmoz ezkutatzen dute gaixotasunen laneko jatorria, osasun zerbitzuak «enpresariek kudeaturiko» mutualitateen esku uzteko, CCOOk dioenez.