GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ESKALADA | Kaukaso

Bide berria egin ordez, errepikapena sinatu dute Ushbako paretetan

Errusiako eskalatzaile talde batek Kaukasoko mendi enblematiko horretan bide berria zabaldu zutela esan zuen, baina, antza denez, beste baten errepikapena izan da. Hala ere, goi mailako jarduera egin dute.

p051_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Harrigarria da W. Balezin errusiarrak zuzendutako eskalatzaile talde bati gertatutakoa. Kaukasoko mendi eder zein gogor batean, Ushban (4.710 m, Georgia) alegia, bide berri bat zabaltzeko asmoz abiatu zen. Ushba mendia beti izan da ikur handia, baina azken urteotan, ingurumari hartan dauden arazo politikoak medio, debekatuta zegoen erpin enblematiko horretan jardutea. Hori dela eta, eskalatzaile errusiarrak irrikaz zeuden mendiaren hego-hego-ekialdeko pareta zailean marraren bat sortzeko.

Urtarril eta otsail artean eginiko goi mailako lanaren ondorioz, Balezinen kideek bide berri bat zabaltzeko aukera izan zuten. Pozarren itzuli ziren, baina, etxera iritsitakoan, hainbat berriemailek adierazi diete aurretik zabaldutako beste bide baten igoera egin dutela. Batzuek diote 1984. urteko «Titkin» bidea igo dutela; beste batzuk, berriz, 1986ko Moshnikoven marra. Alabaina, errepikapena bada ere, errusiar talde horrek eginiko jarduera azpimarratzekoa da.

Balezin zuzendariak berak espedizioaren asmoen berri eman du: «Geure artean eztabaida egon zen. Bide bat zabaldu edo beste bat errepikatu. Horren inguruan hausnartu ondoren, marra bat sortzea erabaki genuen. Hori bai, toki seguru eta logiko batetik. Azkenean, oso eskalada gogorra egin dugu, eta batez ere hirugarren murruak erabat liluratuta utzi gaitu. Oso tentea da, eta azken egunetan dena eman behar izan genuen. Garaieragatik eta nekatuta geundelako asko kosta zaigu helburua erdiestea».

Eguraldia lagun

Taldeko zuzendariak esan duenez, berezko bertsioa egin nahi izan zuten, baina azkenean errepikapen batekin konformatu behar izan dute. Hego-hego-ekialdeko paretan dauden marrak aztertu ondoren, hormatzarraren eskuinera jo zuten.

«Bidea, berez, lau zati edo murrutan banatzen da. Eta erdikoa harrigarria da: granitozko 400 metro tente! Hori dela eta, geure buruari galdetzen genion zer dela-eta zegoen marra hori zabaldu gabe», adierazi du Balezinek.

Lehen murruak 300 metroko eskalada erraza du, eta gero beste 120 metro plaka batekin. Bigarrenak, berriz, 150 metro artesiz betea: «Artesi horiek izotzez estalita zeuden, eta zaila zen eskalatzea. Gainera, oso tentea da. Hirugarrenean bidearen gakoa dago. 400 metro dira arrokekin eta izotzarekin. Oso eskalada garbia egin dugu. Ez genuen bidearen gaineko informaziorik, eta horri garrantzi handia eman diogu. Aztertu, sartu, eskalatu eta jaitsi. Guztira, segidako zazpi eguneko eskalada eta beste bat jaitsierarako».

Bestalde, neguko jarduera izan arren, protagonistek baieztatu dute eguraldiari dagokionez zortea izan zutela: «Hasieran giro lainotsu eta lasaia izan genuen. Gero, elurra egin zigun, baina jarraian hobera egiten zuen. Bi egunean behin eguraldia aldatzen zen. Jakina, hotz handia, haizeteak eta ekaitzak izan ditugu. Hori batez ere goialdean eta ertzean. Agian, klima aldaketaren eragina da».

ushba

Georgiako mendi hori Kaukason erreferentzia da. Aurpegi guztiak igotzeko zailak dira. Gainera, arazo politikoak medio, urte batzuetan itxita egon da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo