GARA > Idatzia > Kultura

Gure arbasoen senak berpizten

Seigarren kontinentea deitzen diote lurpeko mundu magikoari. Ez dakigu hor barruan gure arbasoen senak berpizten diren, baina jendeari gustatzen zaio sartzea. Atzo Kobazuloen Eguna ospatu zuten eta Ekainberrin, adibidez, herritarrak historiaurrean bezala ibili ziren ehizan.

p056_f01.jpg

Maider IANTZI

Hain hurbil eta aldi berean hain urrun dugun lurpeko mundura jende gehiago erakartzeko asmoz, beren eguna ospatu zuten atzo Euskal Herriko hainbat kobazulok. Zugarramurdin, Urdazubiko Ikaburun, Astitzeko Mendukilon, Saran, Arrikrutz-Oñatin, Pozalaguan, Karrantzan eta Zestoako Ekainberrin egin zituzten ekintza bereziak eta azken honetan izan zen gara.

Baso txiki batean barneratu eta 13.000 urte egin zuten atzera ehiza txapelketako parte-hartzaileek. «Animaliari jotzen dionak puntu bat; dianari jotzen dionak puntu erdia; eta asmatzen ez duenak ezer ez», argitu zien Eneko Calvo koordinatzaileak. Ibaiertzean, lokatzetan, ekin zioten bideari azagaiak eskuetan zituztela, eta familiakoek eta lagunek bertze aldetik jarraitu zuten lehiaketa.

Bazkaltzeko pieza bila

Animalia baten marrazkia zegoen jarrita izkina batean eta dianan jotzea lortu zuen lehenbiziko lagunak. Haur, heldu eta gazteek txaloka eta oihuka animatu zuten. Banan-banan denek jaurti eta armak jaso ondoren aitzinera segitu zuten hurrengo marrazkiraino. Hau urrunago zegoen eta zailagoa zen asmatzea. «Indarra behar da eta pixka bat gora botatzea», aipatzen zuten ikusle batzuek. «Aitatxo! Aitatxo!», kantatuz ematen zizkion animoak mutiko batek ehiztariari. «Bazkaltzeko lortu dugu pieza», adierazi zuen amak kontent oreina bete-betean harrapatu zuela ikusita.

Txapelketa hasi aitzinetik entrenatzeko aukera zegoen eta hainbat lagun ari ziren horretan entrenamendu zelaian, haurrak gehienak. Nolako abileziarekin eta estiloarekin jaurtitzen zuten azagaia! Historiaurrean egiten zuten bezal-bezala ehizatzeko aukera izan zuten, azagaiarekin eta propultsagailuarekin, eta garai hartan bizirautea zein gogorra zen frogatu zuten.

Calvok azaldu zigunez, historiaurreko gizakiek gure itxura bera zuten, ez zuten deus berezirik. Orain bezala, denetarik egonen zen, jende sendoa eta ahulagoa. Hori bai, entrenatuz eta entrenatuz sendotu eginen ziren. Beraiek erabiltzen zituzten propultsagailu batzuk aurkitu dituzte ikerlariek. Eguneroko erremintak ziren eta apaindu egiten zituzten. Horiei esker, animalia handiagoak harrapatzeko aukera zuten, urrunagotik gainera. Oraindik erabiltzen dituzte Afrikako tribu batzuetan.

Bisita gidatuak

Ekainberrin ez dute inoiz ilararik izaten. Izan ere, hogei laguneko taldeekin egiten dituzte bisitak eta aldez aurretik erreserbatzeko aholkatzen dute. «Bisita berezi-bereziak izaten dira. Ilun-iluna egoten da, hezetasun handia, eta aurreko argiak pizten eta atzekoak itzaltzen joaten dira. Talde guztiak dira ezberdinak, ez da gauza bera jubilatu batzuekin egotea edo familia batekin. Orduan, egokitu egiten gara beti», agertu du Enekok.

Kontent zeuden atzo langileak jende dezente animatu zelako Ekainberri kobazulo txikiak gordetzen duen altxor handia ezagutzera. Maider eta Eneko oriotarrak izan ziren etorritako batzuk. Bikote gazte hau erreserbarik gabe zegoen, goizean gertatutako bizpahiru kasualitatek ekarri baitzituen.

Lurrean egunkari bat zabaldua zuten mendiko botak uzteko eta botak hartzen ari zirela irakurri zuten orrialdean Kobazuloen Eguna zela. Anitzetan aditua zuten Zestoako mundu txiki honen berri, baina ez ziren sekula egonak eta Ekainberri eta inguru guztia bisitatzeko asmoa zuten. Kasualitatez edo ez, seguru egun honetan jende pila bat harrapatu zuela lurpeko misterioak eta magiak!

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo