GARA > Idatzia > Euskal Herria

Raku Egunak zeramika apaintzeko teknika ekarri du Zegamara

Azkenaldian Ekialdeko herrialdeetatik etorritako bizimoldea modan dago gurean. Judo, bonsai, manga, sushi, origami... Japoniatik zuzenean ekarriak, gure bizitzan txertatu dira hitzok. Baina horrek ez du esan nahi lehenago kanpora begiratzeko grina hori ez zegoenik. Mexikarren kakaoa mundu osoan zehar zabaldu zen bezala, japoniarren dekorazio teknikak oso ezagunak dira aspalditik.

p014_f01_200x093.jpg

Nagore BELASTEGI

«Raku» hitza aipatzen badugu, gutxi izango dira hori zer den dakitenak. Teknika horrekin apainduriko pote bat ikusterakoan, berriz, gehienoi oso ezaguna egingo zaigu bere itxura. Euskal Zeramikagile Garaikideen taldeak III. Raku Eguna egin zuen atzo Zegaman, eskulangintza mota hau jendeari gerturatzeko asmoarekin.

Baina, zer da rakua? Zeramika lanak apaintzeko teknika japoniarra da. XVI. mendean asmatu zuen Chojiro izeneko zeramikagile batek, zeremonietan erabiltzen den katilu bat egiteko. Raku izena irudikatzen duen kanjiak ¯ideogramak¯ plazera edo festa esan nahi du, beraz horretarako sortu zen lehenengo. Orain, Japonian tea hartzeko edalontziak egiteko erabiltzen duten arren, edozein objektu apaintzeko balio du.

Japoniatik mundu osora zabaldu zen rakua, eta gaur egun bi teknika desberdin daude; japoniarra eta Mendebaldekoa. Lehenengoari jarraituz lortzen diren koloreak ilunak dira, Zegaman erakutsi zuten teknikarekin lortutakoen aldean.

Bertan bildu ziren zeramikagileek zeramikazko pote, irudi eta platerak saltzen zituzten 5 euroren truke, baina nahi zuenak berak egindakoa eraman zezakeen. Mahai luze batean, gerturatzen zirenei esmalteak utzi eta nola margotu behar zuten irakasten zieten zeramikagileek.

Esmalteen koloreak lurrarenak ziren, buztina bezala, baina azken emaitza kobre, turkesa eta zilar kolore distiratsuak ziren. Ondo gelditzeko, isipuarekin kolpetxoak eman behar dira. Poteen kasuan, barnealdea errazago margotzeko «bainatu» egiten dira, hau da, barruan esmalte pixka bat isuri, eta alde batera eta bestera mugituz zabaldu egiten da.

Irudien apainketan parte hartu zuten gehienek inoiz ez zuten halakorik egin, eta hasieran, euren artelanak ez ziruditen ikusgai zeudenak bezain politak. Hala ere, egosi eta gero guztiz aldatzen ziren itxuraz, eta aldi bateko artistak euren eskuekin egindako apaingarria pozik eraman zuten etxera.

Piezak margotuta zeudenean arduradunek kontu handiz hartzen zituzten, eta labean sartzen zituzten 15 minutuz gutxi gorabehera, esmaltearen arabera. 900º graduan egosi behar dira piezak, esmalteak heldutasun puntua jotzeko. Ondoren, gori-gorian ateratzen zituzten labetik eta airearekin hoztean pixkanaka esmaltearen koloreak agerian gelditzen ziren. Azkar batean, zerrautsez betetako edukiontzi batean sartzen zituzten, eta piezak oso bero zeudenez kea ateratzen zen.

Kea zeramikaren barnean sartzen da eta esmalteekin erreakzioa egiten du. Oxidoz eginda daudenez, oxigenoa erretzean metal purua lortzen da. Azkeneko pausoa uretan sartzea da. Honela, tenperatura kontrastea dela-eta, distiratsu gelditzen dira. Hala, lau elementuekin egindako pieza ederrak sortzen dira; lurra zeramikan dago, sua labean, airea kean eta ura amaierako freskatzean.

Pieza errepikaezinak

Teknika honek duen berezitasuna da bi pieza berdin egitea ezinezkoa dela. Are gehiago, japoniarrentzat desberdintasun eta irregulartasun horretan dago edertasuna. Batzuetan piezak labean puskatu egiten dira, baina zatiak bota beharrean, bildu eta metalekin itsasten dituzte. Horiek izaten dira piezarik baliotsuenak, ezin direlako orbanak errepikatu.

Nahiz eta atzoko Raku eguna herritarrek ondo pasatzeko helburuarekin egin zuten, poteak apaintzea ez da dirudiena bezain lan erraza. Aitxuri herri eskolako gela batean profesionalek egindako piezak zeuden, eta jendeak egindakoak politak ziren arren, horiekin ez zegoen konparatzerik.

Gela horretan zeramikagile batek rakuaren ingurukoak azaltzeko bideoak jartzen zituen etengabe, eta Zegaman ikasitakoa etxean praktikan jartzeko materialak saltzen zituen: isipu edo brotxak, esmalteak, buztina, puntzoiak... Baina egiten zuen eguraldi ederrarekin bisitari gehienak kanpoan zeuden, eskuak esmaltez zikinduta, buru-belarri rakuaren teknikan lehen urratsak ematen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo