GARA > Idatzia > Kirolak> Baskonia

GARAIPEN ERRAZA ZURBAON

Teletovicen eskutik, egun lasai bat, azkenean

Gogoan izateko moduko lehen laurdena jokatu zuen bosniarrak, bai kanpotik bai barrutik puntuak bilduz, eta garaipenerako bide zabala ireki zion taldeari.

p040_f02_91x140.jpg


 BASKONIA 79

CAI ZARAGOZA 61

Jon ORMAZABAL

Pape Sowen azken uneko hutsuneak -pneumoniak jota dago eta ikusi egin beharko da zenbat denbora emango duen kantxetatik kanpo- nolabaiteko arazoak aurreikusten bazituen ere -batez ere barruko jokoan-, Zurbaoko pabiloiak behar eta merezi zuen goiz lasai horietako bat izan zuen, aspaldiko partez. Hein handi batean, Mirza Teletovicek izan zuen garaipen eroso horren ardura handia. Inauteri igandean, bosniarrak Dirk Nowitzkiren mozorroa jantzi, eta denetarik egin zuen, batez ere bideoan gordetzeko moduko lehen laurden zoragarrian.

Denboraldi luze baten ostean eta egutegiak oraindik gordetzen dituen tranpen aurretik -Maccabiren aurkako kanporaketa esaterako-, gasteiztarrek partida lasai bat behar zuten, Ivanovicek jokalarien artean minutuak banatu eta taldekide guztiek konfiantza berreskuratzeko.

Lehiak borobila izateko hirugarren laurdeneko azken minutuak eta laugarreneko lehenak izan zituen soberan, bertan 0-15eko partzial bat jaso baitzuen taldeak, eta Ribas antolatzaile zutela, gasteiztarrak nahiko galduta aritu baitziren erasoan. Hala eta guztiz ere, garaipena ez zen sekula arriskuan egon. Marcelinho Huertasen sasoi puntu zoragarria, Barac hartzen ari den garrantzi izugarria eta Oleson irregularrak emandako aurrerapausoa -11 puntu sartzeaz gain, bi txapel ere jarri zituen- nahikoa izan ziren lehia aurrera ateratzeko Zaragoza ahul baten aurrean. Partidari eragozpenen bat bilatzearren, Esteban Batistak gehiago eman beharra dauka taldeak etorkizunean tituluren bat irabazteko lehian aukerak izan ditzan.

Partidak istorio gutxi izan zuen, lehen laurdenean ia erabakita utzi baitzuen Baskoniak, 15 puntuko abantaila eskuratuz (31-16), jaurtitako ia guztia saskiratu zuen-eta. Hiruko jaurtiketetan, egindako zortzi ahaleginetatik zazpitan asmatu zuten gasteiztarrek, azken segundoan bere zelaitik David Loganek lortutako saskiratze bikaina barne.

Kapitaina, geldiezin

Aulkitik irtenda, estatubatuarrak hiru hiruko sartu zituen, baina ezbairik gabe, Mirza Teletovic izan zen lehen partzial honetako protagonista nagusia. Gasteiztarren kapitainak hamasei puntu sartu zituen lehen hamar minutuetan, horietako hamaika jarraian, gainera. 6,75eko marratik lautan asmatu zuen, baina barneraketak ere egin zituen, Zaragozako defentsek ezin zutela asmatu hura nola geldiarazi.

Normala den bezala, gasteiztarrei ezinezkoa egin zitzaien bigarren laurdenean portzentaje horiei eustea, Ivanovicek aldaketa dezente egin zituen esfortzuak banatzeko, eta kanpotarrek hori aprobetxatu zuten markagailuan apur bat hurreratzeko, nahiz eta atsedenaldian 13 puntukoa izan abantaila (45-32).

Barac eta Mirza Teletovic ez zeuden, ordea, hasieran izandako abantailari ihes egiten uzteko prest, eta hirugarren laurdeneko hasieran 9-0eko partzial batekin, Aragoikoen aukera apurrak amaitutzat eman zituzten.

Hettsheimeir eta Quinterosi, gainera, ikaragarri kosta zitzaien puntuak sartzea eta Baskoniak 30 puntuko aldea lortu zuen partidaren amaierarako hamabost minutu falta zirela (66-36).

Jakina da, ordea, aurtengo Baskonia ez dela gai 40 minutuan erritmo berari eusteko, eta atzo ere bere txakalaldia izan zuen azken laurdeneko lehen minutuetan. Titularrak aulkian zirela, 2-14ko partzial bat jaso zuten, baina une zailenetan bezala, Huertas eta Baracen arteko konexioak ez zion biderik utzi urduritasunari, Brad Olesonen laguntza estimatuarekin.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo