ITSASOA
Eddie Aikau Itsasoak eraman zuen itsasgizona
Surf munduan hitzetik hortzera ibili ohi den izena da Eddie Aikau, baina zer dakigu itsasoak eraman zuen hawaiiarrari buruz?
Haritz Larrañaga Altuna
Aurten ere ez da Eddie Aikauren omenez Waimean egiten den olatu handietako surf txapelketa egiterik izan, ez baita gutxieneko itsaskirik izan (8 metroko olatuak). Txapelketa ospetsuari izena ematen dion gizonaren historia, bere erroak eta herriko ohiturak bezain ezezaguna da. Nor zen Eddie?
Aikau sendia
Solomon Niomo Aikau, Pop, Eddie Aikauren aita, 1924ko abuztuan etorri zen mundura, Mauiko irlan. Oso bizitza gogorra izan zuen, bere garaiko eta gizarte maila bereko kideen antzera. Hawaiiar peto-petoa izaki, gaztaroan ez zuen dirurik, ez boto eskubiderik izan, eta sendi handi bateko kide izan arren, ez zuten lur eremu zabalik.
Pop, Henriette izeneko emakume batekin ezkondu zen eta Kahului hirira joan ziren bizitzera. Gero armada amerikarrarekin soldaduska egin behar izan zuen eta jarraian, haurrak bata bestearen atzetik izateari ekin zion bikoteak.
Pop kamioi gidaria zen, Kahuluiko trenbidea egiten ari zen enpresan. Familia, enpresaren 15 etxeetako batean bizi zen gainerako trenbideko langileekin batera; justuan bizi ziren. Anai zaharrenek eskola katolikoan ikasteko aukera izan zuten eta lantzean behin luau edo festaren bat ere izaten zen. Asteburuetan, berriz, Kahuluiko portura jaisten zen familia osoa eta surf egiten zuten.
Bere familiarekin surf egitera doan hawaiiar langile baten irudia bitxia bezain mingarria zen batzuentzat, baina kahuna bat kamioi gidaria izateaz gain, bere sendiarekin olatuetan surf egiten ikustea, oraindik eta harrigarriagoa zen.
Kahuna
Antzina, mailatan antolatua zegoen Hawaiiko gizartea. Maila gorena erregeak zuen, ali'i-nui-k. Botere osoa zuen, eta eskualde edo irla desberdinetako agintea zuen. Bere ondoan, kalaimoku eta kahuna-nui zituen, gerra-gizon nagusia eta abade nagusia, hurrenez hurren. Eskualdeetan agintea zutenak ali'i ziren eta laguntzaileak maka'ainana ziren. Horien azpian, oinordekotzan oinarrituta, kauwa izeneko klaseko kideak zeuden eta ia ukiezina zen klasea hori.
Erregeak ondoan zituen gerra gizonak eta abadeak gainontzeko jende arruntak baino hobeto ezagutzen zuten jainkoen pentsaera eta maila espiritualean ikasiak ziren. Pop, Eddiren aita, kahuna zen.
Eddie Aikau
Edward Ryan Aikau 1946ko maiatzaren 4an jaio zen eta sei anai-arrebetatik hirugarrena zen (Frederick, Mira, Edward, Gerald, Solomon III, Clyde). 12 urte zituen Oahuko irlara bizitzera joan zirenean. Itsasoa maite zuen mutiko lasaia zen eta, besteek ez bezala, Eddiek ez zuen eskola oso gogoko. 16 urte zituela eskolara joateari utzi zion eta egun osoa hondartzan ematen zuen olatuak hartzen. Ikasketak utzi eta lanean hasi zen, anana kontserbak banatzen zituen lantegi batean. Irabazitako diruarekin Dale Velzy taula handi eta lodi bat erosi zuen.
1967ko azaroaren 19an asteazken handia iritsi zen. «Eddiek bere izena surf munduan itsatsi zuen eguna izan zen», dio Clyde bere anaiak. «Argazki haiek guztiak, bainujantzi gorriarekin, taula gorri handi haiekin... Ordura arte inoiz ikusi ez ziren olatu erraldoietan surf egiten ikus zitezkeen irudi haiek «Life» aldizkarian argitaratu ostean, ezagun egin ziren».
Pixkanaka hain maite zuen kirolak alde espiritual bat zuela ohartzen hartzen hasi zen Eddie. Antzinako surflari hawaiiarraren ohiturak berreskuratzeko eta garatzeko beharra sentitu zuen.
Eddiek kontserba fabrikan zuen lanpostua utzi zuen 1968an. Sunset eta Haleiwa arteko kostaldean sorosle lanak egiteko postua eman zion Honoluluko udalerriak.
Beste edozein soroslek baino jende gehiagoren bizitza salbatu zuela diote bertakoek. Haleiwatik urrun dagoen Mokuleiako uretan ere erreskateak egiten ikusi omen zuten.
1976an Eddiek 30 urte zituen eta nagusi zen Hawaiiko olatu handietan. Waimea inork baino hobeto ezagutzen zuen, baina maila pertsonalean ez zebilen bere onenean.
Emaztearekin zuen erlazioa eten zuen. Galdu samar zebilela zirudien, zerbaiten bila, eta orduantxe aurkeztu zen «Hokule'a» ontziaren bigarren bidaia proiektua. Bidaiarako jende bila zebiltzan eta Eddiek aukera ederra ikusi zuen. «Lehen inoiz desiratu ez zuen moduan desiratzen zuen proiektu hartan parte hartzea, eta eguneko ordu guztiak kaian xahutzen hasi zen», dio bere anaia Clydek. Martxoaren 7an eman zituzten bidaia egiteko aukeratuak izan ziren 9 kideen izenak. Eddie tartean zen.
«Hokule'a»
Orain 1400 urte inguru iritsi ziren Hawaiira lehen biztanleak, ziur aski, 2.400 miliara dauden Polinesiako Markesa uharteetatik. 500 urte geroago, Tahititik iritsi ziren Ozeano Barean nabigatzen adituak ziren biztanle berriak. Bidaia luzeak egiteko, 60 pertsona garraiatzeko gai ziren kanoak erabiltzen zituzten. Behar zuten janaria, ekipajea eta ur geza garraiatzeko prestatutako kanoak ziren. Ez ziren nolanahiko bidaiak eta modu hartan bidaiatzearen arteari «Hokule'a» deitzen zioten.
Polinesiarren migrazioen teoria egiazkoa bazen, antzinako nabigatzaile haiek egin zuten bidaia luze berbera modu berean egin zitekeela frogatzeko modu bakarra zegoen, alegia, garai hartako kanoa eraiki eta bidaia egin. Ideia horrek saiakera ugari ekarri ditu. Kanoaren eraikinari dagokionez, egungo materialak ere erabili izan dira (beira-zuntza, kasu), baina kasu gehienetan, ahalik eta antz handiena zuen ontzia eraikitzeko saiakera egin izan da. 1976an lortu zen lehenengoz «Hokule'a» egoki eraiki eta bela egoki batekin martxan jartzea. Beste ontzi baten sostenguarekin egin zen bidaia eta helburua lortu zen.
1978an bigarren saiakera bat egitea erabaki zen, baina oraingo honetan sostengu ontzi baten laguntzarik gabe. Garai horretan Hawaiin indar handia hartzen ari zen mugimendu nazionalistak garrantzia handia eman zion. Garai korapilatsuen ostean, hawaiiarrak euren izatearen harrotasuna berreskuratzen hasiak ziren. Euren sinesmen kultural eta sozialak berreskuratzen ari ziren eta Bigarren Mundu Gerraz geroztik lehen aldiz ekimen publikoak antolatu zituzten. Horrek guztiak eragin handia izan zuen Eddierengan.
Eddieren aitak, hawaiiar peto-petoa izaki, bere klaseko gainontzeko herritarren antzera, gaztaroan ez zuen dirurik izan, ezta boto eskubiderik ere. Beti izan zen txiroa. Henriette-kin ezkondu zen; horren ostean, soldaduska egin zuen eta jarraian haurrak izateari ekin zion bikoteak.
«Ali'i-nui»-k, hots, erregeak, «kalaimoku» gerra-gizona, eta «kahuna-nui» abadea zituen ondoan. Horiek, jainkoen pentsaera gainontzeko jende arruntak baino hobeto ezagutzen zuten eta maila espiritualean ikasiak ziren. Pop, Eddiren aita, abadea zen, alegia, «kahuna».
«1967ko azaroaren 19an asteazken handia iritsi zen. Eddiek bere izena surf munduan itsatsi zuen egun horretan. Bainujantzi gorriarekin, taula gorri handiarekin, olatu erraldoiak... irudi haiek `Life' aldizkariak argitaratu zituen. Harrigarria da egun batek bizitza nola alda dezakeen».
Udaleko arduradunak: «Nola izango da, bada, Waimeako lehen soroslea, graduaziorik gabeko sorosle bat?» Eddie: «Galdera bat egin diezazueket? Jorge Washington eta Abraham Lincoln bikain ezagutzeak zertan lagun diezazueke Waimeako uretatik jendea ateratzeko orduan?»