GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Itzulerarik gabeko bidaia

Zarauzko Surf Eskola

Martxoaren 16an abiatu zen «Hakule'a» Hawaiiko irletatik. Eguraldi iragarpenak haizete bortitzak iragarri zituen, baina horrek ez zuen gehiegi harritu ontziko kapitain David Lyman, bidaia hori egiteko ohiko iragarpena baitzen. Ohikoa ez zena, ordea, irla katera gerturatuta eraso zien enbata zen.

Goizeko laurak aldera ura sartzen hasi zitzaien alde batetik eta bestetik. Mastak jaisten ari zirela ontzia irauli eta uretara erori ziren kide guztiak. Ontziaren ertzei heldu eta laguntza iritsi zain geratzea besterik ez zuten, eta hala egin zuten.

Lanai irlatik 12 miliara zeudela uste zuten tripulazioko kideek, eta Eddiek laguntza bila joateko baimena eskatzen zuen behin eta berriz. Lyman kapitainak ezezkoa ematen zion, baina goizeko hamar eta erdiak aldera, itsasoan jitoan ordu luzeak eman ostean, lehorrera iristeko tartea gero eta handiagoa zela ikusita, baimena eman behar izan zion Eddieri.

Eddie arropa bustia eta gomazko sandalia parea soinean zituela abiatu zen. Azukre koskorrak hartu zituen poltsatxo batean, energia izateko. Aizto bat, txilibitu bat, argi estroboskopiko bat eta salbamendu-jaka hartu zituen. Nylonezko soka bat egin zuen, mutur bat taulari lotu zion eta beste muturra bere orkatilan lotu zuen. «Ez zaitezte arduratu, egin dezaket. Lehorrera iritsiko naiz!», esan zuen, eta arraunean abiatu zen. 50 metro egin ostean, salbamendu-jakak enbarazu egiten ziola-eta kendu egin zuen, itsasora bota eta arraun egiten jarraitu zuen.

Hortik ordu batzuetara, 20.27an, hegazkin hawaiiar batek ontziaren argi estroboskopikoak eta kanoatik jaurtitako suzirien seinaleak ikusi ahal izan zituen eta laguntza eskatu zuen. Gauerdia baino lehen, tripulazioko kideak Honolulurako bidean ziren, David Lyman kapitaina eta lehen ofiziala izan ezik, horiek kanoaren atoitze lanetan geratu baitziren.

Kostazainek ez zuten ezer aurkitu. Taula bat ikusi zuten helikopterotik, baina inoiz ez da Eddiren taula zela baieztatzerik izan, taula hura jasotzeko itsaski bortitzegia baitzegoen une hartan.

Eddie ez zen itzuli, baina bere oroimena bizirik dago hawaiiarren artean. Urtero bere oroimenez egiten den ospakizunean honela esan zuen Abraham Akaka kahuna edo abadeak.

«Hawaiiarrentzat itsaso zabala Moisesentzat desertua zena da... jendea Jainkoaren bila joaten den lekua».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo