GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Emakumeok: adi egon!

Esperanza Aguirre eta Uxue Barkos politikariek berriki adierazi dute bularreko minbizia dutela-eta aldi baterako aldenduko direla euren lanetik. Publikoki esan dute, dramarik gabe, naturaltasunez eta mezu argi eta ozena hedatu nahirik. Izan ere, bularreko minbizia ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, Estatu espainoleko emakumeen artean ohikoena den heinean, urtero 15.000 kasu baino gehiago detektatuta. Bestela ere ikusaraz daiteke: zortzi emakumetik batek jasan beharko du bere bizitzan zehar. Hori islatzen dute datuek, eritasuna pairatzeko arrisku handiena 45-50 eta 69 urte bitarteko emakumeek dutela ohartarazteaz gain. Ondorioz, emakume guztiok arretaz eta erantzukizunez zaindu beharko genukeen kontua da. Hasteko, gure bularrekin lotutako minbizi honek betidanik izan duen irudi beldurgarri eta ebakitzailea desmitifikatzen indar eta baliabide gehiago jarri beharko lituzkete osasun-zerbitzuek, informazio fidagarriaren hedapenari dagokionez, azken txokoko emakumearengana ere irits dadin egungo errealitatea. Argiago eta ozenago nabarmendu, esaterako, azken 20 urteotan %13 inguru murriztu dela detektatze goiztiarrari esker, sendatzeko bidean ezinbesteko alderdia baita, eta hala izanik, denoi bermatuko zaigula aukera hori, ezinbestean adin-tarte hertsiei begira egon barik.

Besteak beste, horregatik iruditzen zait txalogarria arestian aipatu politikarien adierazpena. Batetik, ohiko azterketen garrantzia azpimarratuta detektatze goiztiarrak sendatzeko bidean dakartzan onurak nabarmentzeagatik, eta bestetik, hain justu sendatu egingo direlako konfiantza osoa transmititzeagatik. Emakumeok izu biziz irudikatzen duguna beste edozein gaixotasunen pareko jarrita, aurretiko jarrerari dagokionez, jakina, inolako larritasun edo garrantzi-izpirik kendu barik, ordea. Emakumeok, buruan antzinako irudirik gabe eta informazio-jasan noraezean ibili barik, argi eduki beharra dugu sendatzeko aukerak oso handiak direla egun, hamar emakumetik bederatzik gainditu egiten dutela, duela astebete baino gutxiago eritasuna oso hedatuta dutenen tratamenduari lagunduko dion botika berri bat iragarri dutela, kimioterapiaren albo-ondorioak nabarmen murriztuko dituena, eramangarriago bilakatuta, bizi-itxaropena areagotuta, milaka kasu daudela eta gure inguruan bertan dauzkagula, jakin ez badakigu ere... Emakumeen baitako kontuak intimitatean gordetzeko joera, bai guk geuk, bai besteok eraginda, oso handia baita oraindik, eta beste hainbeste gaietan bezala, osasunari dagozkion kontuetan ere horrela dihardugu; finean, sufritu beharko genukeena baino gehiago sufrituta sarri, ezjakintasun hutsagatik askotan.

Gaur, Martxoaren 8aren bezperan, emakumeonak ez ezik jendarte justu eta parekidearen alde borrokatzen duten guztienak ere badiren aldarrikapenen artera, osasun-eskubidea ere osoki berma diezaguten ekarri nahiko nuke, guk baino jasaten ez ditugun gaitzei, hala nola gaitzik ez dakarten bestelako gertakizunei ere behar besteko garrantzia emanda, ikerketa, sendakuntza eta eskuragarritasun-aukerak are gehiago babestu eta sustatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo