GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Binakakoa

Zudairen argi geratu da faborito izateak ez duela batere balio garaipenak lortzeko


 
J.L.

Binakako Txapelketako lehen faseko ligaxkako azken-aurreko partidak jokatu zituzten atzo Zuraiden, eta ezusteak izan ziren, bi faboritoek galdu egin baitzituzten beren norgehiagokak. Harmailetan, berriz, oso jende gutxi batu zen.

Lehen partidan, Alfarok eta Lazkanok 26-40 irabazi zieten Agirreri eta Bonebeltxeri 69 minutuan pilota astintzen aritu ostean. Alfarok eta Lazkanok jadanik ez zuten aukerarik sailkatzeko, eta bidea erabat okertu diete orain Agirreri eta Bonebeltxeri. Partidaren gakoetako bat galtzaileek galdutako pilotetan egon zen, baita sakean ere, Agirrek hiru besterik ez baitzituen egin, eta Alfarok, berriz, 7. Markagailua honela joan zen: 3-3, 5-5, 7-7, 11-11, 13-13, 13-20, 17-26, 23-34 eta 26-40.

Bigarren partidan, berriz, Ezkurra I.a eta Lanbert izan ziren ezustea eman zutenak, Larretxeari eta Ducassouri 23-40 irabazita. Horietako inork ez du izango lehen postua lortzeko aukerarik, eta bigarren postua izango dute jokoan azkeneko jardunaldian.

Larretxea eta Ducassou ziren faborito nagusiak, baina partidak iraun zituen 66 minutuetan gaizki aritu ziren, eta aurkariek ez zieten barkatu.

Hemen ere gakoa galdutako pilotetan egon zen, izan ere Larretxeak eta Ducassouk 17 galdu zituzten, eta horrenbeste huts eginda oso zaila izaten da irabaztea. Markagailua honela joan zen: 1-1, 1-6, 3-9, 11-11, 16-24, 17-27, 21-33, 22-38 eta 23-40.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo