Sokatira | Euskal Herriko Txapelketa
600 kilokoan, faborito guztiak bilduko dira finaleko lehian
Ezusterik handiena emakumezkoetan izan zen, izan ere Sakanak aurre hartu baitzion orain arte jaun eta jabe agertu den Badaiotz taldeari.
Jon LEUNDA
Ez da ezusterik izan 600 kilokoan jokatzen ari diren lehen faseko azkeneko jardunaldian, eta lehen ekinaldian izan ziren sei onenek lortu zuten bigarrenean ere sei onenen artean egotea, eta horiek jokatuko dute finala. Abadiño, Amaiur, Sokarri, Ñapurrak, Ibarra eta Baiona-Indarka izan dira finala jokatzeko sailkatu diren sei taldeak.
Azkeneko jardunaldian ere bi multzotan banatuta aritu ziren, eta ondoren postuen arabera lehiatu ziren taldeak. Lehenengoan, Abadiño, Sokarri, Ibarra eta 6 Conceyos sailkatu ziren. Bigarrenean, berriz, Amaiur, Ñapurrak, Baiona-Indarka eta Basaburua-Imotz.
Gero, postuen arabera sailkapena zehazteko lehiatu ziren taldeak. Lehen posturako Abadiño eta Amaiur neurtu ziren, eta bizkaitarrak gailendu ziren. Hirugarrengoa erabakitzeko Sokarri eta Ñapurrak aritu ziren nor baino nor, eta bizkaitarrak mendean hartu zituzten lapurtarrak. Bosgarren postua erabakitzeko, berriz, Ibarra eta Baiona-Indarka lehiatu ziren, eta hau gipuzkoarrek irabazi zuten. Azken postua erabakitzeko 6 Conceyos eta Basaburua-Imotz neurtu ziren, eta azken hauek irabazi zuten.
Emakumezkoetan, berriz, ezustea izan zen 500 kilokoan. Ligaxkako lehen saioa jokatu zuten, eta Badaiotz zen irabazteko faborito nagusia, orain arte jaun eta jabe agertu baita, baina pisu honetan Sakanak sekulako tiraldiak egin zituen, eta beraiek irabazi zuten saioa. Bigarren geratu zen Badaiotz, eta pisu honetan geratzen diren bi jardunaldietan lehia handia izan dezakete bi talde hauek. Ibarrak, berriz, zaila izango du azkeneko postutik ihes egitea; nahi izatekotan, asko hobetu beharko du.