Jon Goio Jimenez eta Ibai Agirrebarrena atxilotu ditu Polizia frantsesak Baionan
Atzo goizean zehar Jon Goio Jimenez tolosarra eta Ibai Agirrebarrena bidaxundarra atxilotu zituen Polizia frantsesak. Biak ere 2009ko ekainean jada atxilotuak izan ziren, eta handik urtebetera geratu ziren aske.GARA | DONOSTIA
Polizia frantsesak Jon Goio Jimenez tolosarra eta Ibai Agirrebarrena gaztea atxilotu zituen atzo Baionan, batak Batasunarekin eta besteak Segi gazte erakundearekin zerikusia dutelakoan. Biak 2009ko ekainean atxilotuak izan ziren eta urtebete geroago geratu ziren aske.
Jon Goio Jimenez eguerdian atxilotu zuen Poliziak Baionan eta berria jakin orduko haren aurkako akusazio ugari zabaldu ziren hedabideetan. Jimenezek, sortzez tolosarra bada ere, urte ugari daramatza Lapurdin ageriko bizitza egiten. EHAKren aurkako auzian zerikusia zuelakoan Auzitegi Nazional espainolera deitua izan zen 2008an, baina uko egin zion epaitegira agertzeari. Euroaginduen aurkako jarrera agertzearren, epaitegi berezira deituriko beste hainbatekin batera prentsaurrekoan agertu zen Jimenez orduan. Auzi berean zegoen Zigor Goieaskoetxearen eta bien aurkako euroagindua igorri ondoren, atxilotua izan zen eta urtebete eman zuen espetxean, behin-behineko atxiloaldian. Orain, badirudi auzi beragatik igorritako euroagindu baten ondorioz atxilotu dutela berriz.
Atzo, baina, albiste agentziak tematu ziren Jimenez Jose Maria Aznar presidente ohi espainolaren aurka misilekin eraso egin nahi zuen ustezko talde batekin lotzen. Pedro Mari Olano lizartzarra eta Juan Mari Mujika ataundarra aipatu zituzten talde horretako kide gisa. Lehena espetxean dago egun, baina, Mujika aske dago.
Agirrebarrena goizean atxilotu zuten Baionan eta eguerdian Bidaxuneko gurasoen etxea arakatu zuen Poliziak. Hamaika hilabete espetxean eman ondoren, iazko maiatzetik kontrol judizialpean aske zegoen baxenabartarra. 2009ko ekainaren amaieran operazio zabala burutu zuen Polizia frantsesak Ipar Euskal Herrian, Euskal Herria Zuzenean festibalaren atarian. Guztira hamabi pertsona atzeman zituzten eta gehienak libre geratu ziren arren, lau espetxeratu zituzten. Atzo iluntzean Askatasunak elkarretaratzea egin zuen Baionan eta Hendaian.
Euroaginduen aurka, Hendaian baraualdia egiten ari dira Iker Elizalde eta Xabi Hirigoien hautetsiak eta Irati Tobar gazte independentista.
Paueko Auzitegiak, bestalde, Beñat Lizeaga, Aitziber Plazaola eta Bergoi Madernaz gazteen kontrako euroaginduak aztertu zituen atzo. Gazteek «prozedura politiko hauek» salatu eta amai daitezela eskatu zuten. Epaia martxoaren 15ean jakinaraziko dute eta orduan aztertuko dituzte Jazint eta Xalbador Ramirez eta Endika Perezen euroaginduak. GARA