Europarlamentari eta hautetsiek «polizia bortizkeria» salatu dute
Berdeen Catherine Greze eta François Alfonsi europarlamentariek Ipar Euskal Herrian orain bi aste izandako gazte independentisten atxiloketetan erabilitako «bortizkeria onartezina» izan zela salatu dute. Bost hautetsik, bestalde, salaketa jarri zuten atzo Baionako Auzitegian arrazoi beragatik. Premiarik gabe autoritate publikoari eraso egitea eta hautetsi baten ondasunak kaltetzea leporatzen diote Poliziari.GARA |
Bruselatik, Europako Parlamentuko bi diputatuk kezka agertu dute euroaginduen aurka protestan Izpuran itxialdian egon ziren gazte independentisten atxiloketen inguruan. Berdeak talde frantseseko Catherine Greze eta François Alfonsi europarlamentariek ohar bat kaleratu dute Poliziak gazte hauek «bortizkeria baldintza onartezinetan» atxilotu zituela salatuz. Atxiloketen aurrean «protesta» egiten saiatu ziren Ipar Euskal Herriko hautetsien aurka Poliziak izandako jarrera ere salatu zuten. Poliziak Estatu espainolak «sistematikoki» igorritako euroagindu batean oinarrituz jokatu izana gogor errefusatzen dute parlamentariek eta «terrorismoaren aurkako borrokaren izenean gazte militante hauek inkriminatzea ezegokia» dela diote. Egozten dieten delitu bakarra «iritzi delitua» dela diote.
Oharrean, atxilotuak «oso gazteak» direla nabarmendu nahi izan dute «egozten dietena egozteko» eta «euren aurka ekintza terrorista zehatz baten akusaziorik ez dagoela» diote.
Beraz, Polizia frantsesak askatasun indibidual eta politikoak urratzen dituen «trikimailuetan» parte hartzea ez dutela «onartzen» azaldu dute Berdeetako ordezkariek.
Bide beretik, atzo Ipar Euskal Herriko bost hautetsik Poliziaren aurkako salaketa jarri zuten Baionako Auzitegian. Izpuran itxialdian izan ziren gazteen atxiloketa unean erabilitako indarkeriagatik -batez ere Endika Perez atxilotu zutenean- jo dute epaitegietara. Hala, premiarik gabe autoritate publikoari eraso egitea eta hautetsi baten ondasunak kaltetzea ¯autoko leihoa apurtzea¯ leporatu diote Poliziari.
Gaur Hendaian, euroaginduaren aurka gose greban direnekin batera, agerraldia eskainiko dute hautetsiek salaketa judizialaren gaineko zehaztasun gehiago emateko. Iluntzean elkarretaratzea egingo dute 19.00etan.
Eider Zuriarrain atzo arratsaldean Donibane Lohizunen atxilotu eta segidan Espainiaratu zuten. Paueko Auzitegiak martxoaren 1ean onartu zuen Espainiaratzeko eskaria eta deustuarrak ez zuen helegiterik jarri.
Otsailaren 10ean atxilotu zuen Polizia frantsesak Lapurdin eta espetxeratu egin zuten, Auzitegi Nazional espainolak igorritako euroagindua tarteko.
Atxiloketa hau salatzeko elkarretaratzea egin zuten Bakion. GARA