Etxeratek konponbide demokratikoaren aldeko pausoak txalotu ditu
Euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunen elkarteko kideek Euskal Herrian zabaltzen ari den aro berriaren inguruan gauzatzen ari diren ekimenak txalotu zituzten eta presoen aldeko «olatuaren potentziala» aprobetxatzeko unea dela adierazi zuten.
GARA |
Etxeratek euskal preso eta iheslari politikoen eta euren senideek pairatu behar izaten dituzten egoera latzak salatu zituzten atzo. Hala ere, azkenaldian horien alde ematen ari diren pausoak aprobetxatuko dituztela nabarmendu zuten.
Donostian egindako agerraldian Etxerateko kideek adierazi zuten Euskal Herrian aro berri bat zabaltzen ari dela, eta elkarteak gauzatzen ari diren ekimen guztiak txalotzen dituela, konponbide demokratikoaren alde egiten ari direlako.
Hala ere, salatu zuten Estatu espainiarrak eta frantsesak ez dutela «inolako aldaketarik egin indarrean duten espetxe politika kriminalean».
Izan ere, euskal preso politikoak sakabanaturik mantentzen dituzte, gaixo larriak espetxean mantentzen dituzte, bizi osorako zigorra aplikatzen jarraitzen dute, isolamendu eta bakartze egoerak ugaldu egin dira eta lekualdatze guztiz arbitrarioak egiten dituzte, Etxeraten esanetan.
Etxerateko kideek jakinarazi zuten Gernikako Akordioaren sinatzaileek hartu-eman ofizialak hasi nahi dituztela Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin. Bestalde, Nazioarteko Harreman Lan Taldeak ere indarrean dagoen espetxe politika amaiarazteko eskatu duela adierazi zuten.
Senideek ere jazarpenak jasan ohi dituzte. Kontrol polizialak egiten dizkiete espetxeetara joaten direnean, miatu egiten dituzte, espetxeetan ez sartzeko zigorrak jartzen dizkiete eta iraindu egiten dituzte. Hori guztia, bidaietan izaten dituzten istripuak kontuan hartu gabe.
«Indarrak biltzeko unea»
Egoera gogor hori gorabehera, Etxeratek azpimarratu zuen urtarrilaren 8an 65.000 pertsona bildu zirela Bilbon euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko, eta horien aldeko «olatuaren potentziala» aprobetxatu egin behar dela.
Hala, adierazi zuten espetxe politika eta tortura Europan dagoen bortizkeria politikorik handiena dela eta hori desagerrarazi egin behar dela. Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak errespetatuak izan daitezen «bidea egiteko eta indarrak biltzeko unea» dela ohartarazi dute.