GARA > Idatzia > Kultura

Nafarroa eta Araba, azken bertso festatik pauso batera

Urtero ospatzen diren Euskal Herriko bertsolari txapelketa bakarrak dira Arabakoa eta Nafarroakoa, eta asteburu honetan finalaurrekoei helduko diete biek. Gaur, Berako kultur etxean izango dute hitzordua nafarrek. Bihar, berriz, Zigoitiko kultur zentroan arituko dira arabarrak. Hamabi bertsolariak gogotsu dira finalerako txartela eskuratzeko, nahiz eta badakiten bi txapelketa hauek jaitik gehiago dutela lehiatik baino.

p045_f01_97x136.jpg

Ane ARRUTI |

Gipuzkoakoa, Euskal Herrikoaren moduan, lau urtetik behin ospatzen da. Bizkaikoa eta Ipar Euskal Herrikoa, aldiz, bi urtetik behin. Arabakoa eta Nafarroakoa dira urtero-urtero txapela banatzen dutenak -nahiz eta Arabakoak formatu aldaketa izango duen orain- eta, hala ere, bertso egarriz direla dirudi aurtengoan. Oholtza gainean eserita dauden bertsolarien artean hain bereizgarri izaten den ur botilarekin irudikatu dute arabarrek aurtengo bertsolari txapelketa, «Bete!» leloa baliatuta. Nafarrek ere botila dute ikur, baina kasu honetan ardo gorri botila, «Ondu.Dastatu» deitu dutena.

Zurrutadatxo txikien ostean, trago gero eta ederragoak ematen hasteko ordua iritsi da eta itotzeko beldurrik gabe, mozkortzeko gogoz dira hamabi bertsolariak, hori bai, beti ere hankak lurrean dituztelarik eta buruan finaleko festan ere protagonista izateko itxaropenarekin.

Iruñera buelta

Ia bi hamarkadatan hiriburutik kanpo ospatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, eta azkenean, 40. edizio honetan, Iruñera itzuliko da apirilaren 9an. Gaur Beran 17.30etik aurrera kantuan arituko diren sei bertsolarien artetik lehen sailkatuak zuzeneko txartela eskuratuko du final horretarako. Gainerakoek zain egon beharko dute, gainontzeko bost postuak puntuz erabakiko baitira.

Oskar Estangarentzat lehenengo saioa izango da gaurkoa, iaz bosgarren egin izanak, zenbaki kontuak medio, finalaurrekorako zuzeneko sailkapena eman baitio. Berarekin izango ditu iaz seigarren sailkatutako Eneko Lazkoz, 2007. eta 2008. urteetan txapeldunorde izandako Jon Barberena, Oier Lakuntza, Saioa Alkaiza eta Jon Elizetxe.

Gaur ospatuko denaz gain, beste bi finalaurreko jokatuko dira hilabete honetan. Lehena Leitzan izango da datorren asteko larunbatean, hilaren 19an; eta bestea Elizondon egingo da astebete beranduago, hilaren 26an alegia.

Arabarako egoera ere aldatuz joan da epe honetan, iazkoa urte berezia izan baitzen arabar bertsolarientzat. Banaka jokatzetik taldeka kantatzera pasatu ziren, koadrilaka zehatzago izateko. «2011ko Arabako Bertsolari Txapelketa ezberdina izango da eta honek ilusioz betetzen gaitu. 2009. urtean 18 bertsolari izatetik 2010. urtean 30 izatera pasatu gara», diote Arabako Bertsozale elkartetik. Arrakasta ikusita, banakako Arabako Bertsolari Txapelketa bi urtean behin egingo da aurrerantzean eta tartean gelditzen den urtean Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketa antolatuko da.

Aurtengo kanporaketak ere giro berezian egin dira, triki-poteoen ostean eta afari legea eginda kantatu baitute bertsolariek. Bihar, Zigoitiko gizarte-kultur-zentroan sei bertsolari arituko dira 17.30etik aurrera: Oihane Perea, Andere Arriolabengoa, Serapio Lopez, Manex Agirre, Irati Anda eta Felipe Zelaieta.

Datozen finalaurrekoak Aramaion (19an) eta Agurainen (20an) izango dira eta finala, berriz, Gasteizko Printzipal antzokian izango da apirilaren 2an..

Nafarroako bertsolariak

- OSKAR ESTANGA:

Gaintza, 1978. Lekunberriko Bertso Eskolako kidea da. Iaz bosgarren egin zuen Txapelketan eta horrexegatik zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara. Gaurkoa bere lehen saioa izango da.

«Nahiago nukeen aurretik saioa kantatuta pasatzea, arituaren sentsazioa izateko. Saioak ikustean inbidia puntu bat izan nuen, urduritasuna ere bai, nik nola egingo nukeen ikusteko». Gaurkoari begira, «jendea landuta doa, motibatuta, saio polita izango da, txapelketaren tentsioak gehiegi pisatzeko arriskua ere hor dago. Urduri, txapelketako lehen saioa izaki, baina gogotsu, bertsotan txukun eta ahal bada txisparekin aritzeko». «Aurreko urtean finalean egon izanak, denbora luzez finalean egotea arrunta dela sinetsarazi dit. Izan daiteke, baina agian ez».

 - ENEKO LAZKOZ:

Etxarri-Aranaz, 1983. Lekunberriko Bertso Eskolako kidea da. Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen 2001ean. Iaz seigarren egin zuen Txapelketan. 324,5 punturekin, lehen sailkatua izan zen Irurtzunen.
«Kanporaketan nahiko lasai eta gustura aritu nintzen. Pozik geratu nintzen bai saioarekin bai emaitzarekin». Gaurko «gogotsu» dagoela dio, «saioa iritsi eta bertsotan hasteko irrikaz. Gainontzekoak ongi ikusi ditut kanporaketetan eta finalaurrekoetarako prestatzen jarraituko zuten. Uste dut maila oneko seikote bat osatzen dugula eta horregatik iruditzen zait saio on bat aterako dela. Borroka estua izanen da. Nire mailarik onena ematea gustatuko litzaidake eta finalean kantatzea. Iazkoa berdindu, eta posible bada hobetu. Ez da erraza izango». 

- OIER LAKUNTZA:

Iruñea, 1985. Iruñeko Bertso Eskolan trebatu zen. Izeta sariketa irabazi zuen 2006an. Irurtzungo saioan 311,5 puntu bildu zituen eta hirugarren sailkatu zen.
 
«Lehen saioak beti sortzen du halako zalantza moduko bat, baina orokorrean gustura aritu nintzen». Finalaurrekoan, «egin beharreko lana berdina izan arren, esango nuke koska bat egongo dela. Entzuleei ere sentsazio hori uztea da gure asmoa, eta horretara joango gara, dugun onena eskaintzera. Nafarroako Txapelketan kantatzen dugun askori, urte osoko bertso jarduna ia erabat txapelketara mugatzen zaigu. Txapelketan ahalik eta saio politena egitea izaten da helburua. Emaitza hobea edo okerragoa izanda ere, gozatzea eta entzuleei zerbait polita eskaintzea nahi nuke».

 - JON BARBERENA:

Elizondo, 1979. Baztango Bertso Eskolako kidea da. Bitan izan da Nafarroako Txapelketako txapeldunordea. Bigarren sailkatua izan zen Donezteben, 310,5 punturekin.
«Gauza batzuk hobetzen ahal ziren sentsazioarekin atera nintzen. Ea oraingoan...». Finalaurrekorako,  «gainontzekoak indartsu ikusten ditut eta zail egonen da finalerako txartel bat lortzen. Daukadan onena eman nahiko nuke. Horretan saiatu, behinik behin. Gainontzeko bertsolariak arras indartsu sumatu ditut kanporaketetan eta edozein gera daiteke lehendabizikoa eta azkena. Gauza nahikoa parekatua dago. Txapelketan zaila izaten den arren; gozatzea dut helburu. Gozamen horretan, finalerako txartela heldu bada, ongietorria izanen da».

- SAIOA ALKAIZA:

Antsoain, 1991. Iruñerriko Bertso Eskolako kidea da. Eskolarteko txapelketa bitan irabazia da, 2008an eta 2009an. Hirugarren Txapelketa du. Donezteben laugarren sailkatu zen 301,5 punturekin.

 
«Urduri hasi nintzen, dena den, bertso eskolan egindakoarekin gustura samar nengoen eta horrek segurtasuna eman zidan». Gaurkoan, «estilo eta bertsokera anitz ikusi ahalko dira; diferenteak gara, baina elkarrekin talde polita osatzen dugu. Denok elkar ezagutzen dugu, batera funtzionatuko dugula iruditzen zait. Munduko gauzarik tipikoena den arren, ongi pasa nahi dut, gozatu nahi dut, oholtzak eta sorkuntzak ematen dizun horretaz. Baina, puntuak ere bildu nahi ditut, azken finean, horrek bermatzen dizulako saio gehiago egin ahal izatea».

- JON ELIZETXE:

Gartzain, 1984. Baztango Bertso Eskolako kidea da. Eskolartekoa irabazi zuen 2003an. Izeta eta Xalto sariketak irabazi ditu. Berriozarren kantatu zuen eta 297 puntu bildu zituen.
«Nahiko ongi sentitu nintzen kontuan izanda aurten entrenamenduei denbora guti eskaini diedala. Nik uste dut aunitz galtzeko ez izateak lasai kantatzen lagundu zidala». Gaurko finalaurrekoa «aski borrokatua» egongo dela uste du. «Edozer pasatzen ahal dela uste dut. Final-laurdenetan ikusi den bezala, arras maila parekatua dago eta finalera pasatu nahi duenak ongi egin beharko du bertsotan». Bere burua «aski lasai» ikusten du, «eguna iristean izaten dira komeriak». «Ahalik eta gusturen kantatu eta nire buruarekin gustura gelditzea», horra bere helburu nagusia.  

Arabako bertsolariak

- OIHANE PEREA:

Gasteiz, 1977. Ikastola garaian Serapio Lopezek animatuta hasi zen Gasteizko Bertso Eskolan. Hamalau urte arteko Eskolarteko Txapelketetan parte hartu zuen, Bizkaian hasieran eta Arabako ordezkari gero.


1977an jaiotako gasteiztarra da. 12 urte zituela hasi zen Gasteizko bertso eskolan eta Prudentzio Sariketan parte hartu izan du urte luzez. Azken aldiz, 2001. urtean, 3. postua lortu zuen. Arabako Bertsozale Elkarteko eragile eta irakaslea da gaur egun eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Transmisiokide izan da hastapenetatik. 2002an, 2004an, 2005ean eta 2006an bigarren postua erdietsi zuen Arabako Txapelketan, eta 2007an eta 2009an txapela jantzi zuen. 2010eko Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketan Lautadako taldearekin hartu zuen parte.

- ANDERE ARRIOLABENGOA:

Aramaio, 1982. Arabako Eskolartekoan, San Prudentzion eta Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartu du. Koadrila artekoan txapeldun izan zen Aramaioko taldearekin eta 3. egin zuen Oionen, 143,5 punturekin.
«Oso lasai kantatu nuen, batere presiorik gabe, giro paregabea egon zen. Proba bat izan zen niretzat eta gainditu dudala uste dut». Zigoitian, «lagun artean kantatuko dut. Saioa gozatu nahi dut. Besteak txapelketan esperientzia duten bertsolariak dira, baina aurten gazteek argi utzi dute gogotsu eta indartsu datozela eta finalerako txartela inoiz baino garestiago dagoela. Bertsotan gozatu nahi dut, beste helbururik gabe. Udatik hona bertsolaritza alde batera utzita izan dut eta ez diot nire buruari inongo langarik ezarri. Txapelketa bertsolaritzara buelta izan da».

- SERAPIO LOPEZ:

Baranbio, 1960. Aiarako Bertso Eskolako partaide izan zen sorreran eta Arabako lehendabiziko Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen 1984an. Oionen bigarren sailkatu zen 152,5 puntu bilduta.

«Nik uste baino askoz hobeto irten zitzaizkidan bertso guztiak Oionen», dio. Finalaurrekoak, «zabal samarrik», ikusten ditu. «Zaharrenak, Rikardo, Juaristi, Felipe, ni neu... hor zerbaitegatik gaudela erakutsi nahi dugulako eta gazte batzuek ezustekoa eman dezaketelako. Oso pozik eta euforiko sentitzen naiz. Edozein modutan, irregular samarra naizela badakit eta badaezpada harrokeriarik gabe joan beharko dut igandean Gopegira. Momentu honetan Oionekoaren pareko saioa egitea da helburua. Eta horrela bada, finalera. Besteek ere pentsatuko dute gauza bera».

- MANEX AGIRRE:

Aramaio, 1982. Eskolartekoan txapeldun izan da eta Arabako Bertsolari Txapelketan bigarren saria lortu du bitan. 2010eko koadrila artekoan txapelduna izan zen. Ataurin lehen sailkatua izan zen, 154 punturekin.
«Ataurin kantatu nuen nik, eta giroa sekulakoa izan zen. Batez ere giroak lagunduta, eroso aritu nintzen bertsotan». Aurtengo finalaurrekoa «inoiz baino zailago» ikusten du. Izan ere, «Arabako txapelketan inoiz ez da hain galbahe esturik egon... eta bestalde, gazteenak oso indartsu datozela iruditzen zait. Txapelketan urte batzuk daramatzagunon aldean gogotsuago ere bai, nik uste». «Kantatzeko gogoz nago, eta saio on bat egin nahi nuke, hankasartzerik gabe eta eroso». Hori da gaurko saioan lortu nahi lukeen helburua: «Zigoitiko saioan gustura aritzea».

- IRATI ANDA:

Gasteiz, 1982. 1999an Arabako eskolarteko txapelduna izan zen eta Euskal Herrikoan finalista. Iaz koadrila artekoan parte hartu zuen eta bere lehen txapelketa du hau. Laugarren egin zuen Ataurin, 141 punturekin.
Kanporaketa saioan Ataurin aritu zen eta uste baino hobeto aritu zela aitortu du, «batez ere ofiziotan». «Oso gustura aritu nintzen». Finalaurrekorako ez dio helburu berezirik ezarri bere buruari, «saioa ahalik eta ondoen egin eta gustura gelditu nire buruarekin. Egia esan, ez noa finalerako pentsamendu horrekin. Besterik gabe saio polit bat egitera joango naiz». Gainontzeko partaideak saioa bera baino serioago prestatzen ikusi ditu eta aurtengo txapelketa berezia izan dela esan du. «Oso giro politean egin da eta nabaritzen dira ekarpen berriak».

- FELIPE ZELAIETA:

Eibar, 1962. Mallabitarra izatez, baina Gasteizen bizi da. 2002tik hartzen du parte Arabako Bertsolari Txapelketan. Iazko koadrila artekoan bigarren izan zen. Elosun hirugarren egin zuen, 145,5 punturekin.

«Eliza batean izan zelako edo, inspiratuta egon nintzela iruditzen zait. Hori bai, bukaerara arte ez zitzaidan ailegatu», dio Elosukoa gogoratuz. Biharko saiorako, «izenak ikusita esan daiteke mailatxoa izango dela eta serio jardun beharko dela. Gorabeherak izaten ditut. Batzuetan pentsatzen dut besteak beste banaizela, eta besteetan lotsagarri geratuko naizela. Gopegiko areto horretan gorriak pasatuta nago. Helburua da irribarreren bat sorraraztea entzuleei eta Gopegitik pasatzen naizen bakoitzean oroitzapen onak izatea».

 

 

 

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo