GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Mehatxua eta elkartasuna

AENAko langileek iragarri dituzten protestak direla-eta, honakoa irakurri nuen egunkari honetan: «Apirilaren 20tik aurrera 22 greba egunetara deitu dute aireportuetan»; «Berria»-k, berriz, «Aireportuetako langileek greba egunak iragarri dituzte Aste Santurako» aukeratu zuen izenburu. Estatuko hedabideen salbuespen bakanetako bi dira; hortaz, egunkariok asko ikasi behar dute informazio trataeraz. Izan ere, hedabide gehien-gehienek hitz bitara laburbildu zuten albistea: «bahiketa» eta «mehatxua» espainiar telebista katerik «progreeneko» albistegiak, eta talde bereko egunkaririk «progreenak» barne.

Nik uste nuen greba eskubidea zela, baina ez dirudi hegazkinez bidaiatzea bezain eskubide denik. Uste nuen greba langileen presio tresna zela eta, eragingarria izateko, presio gehien egin dezakeenean erabili behar dela; baina ez, badirudi inori enbarazu egiten ez dionean baino ez dela erabili behar (zer espero zuten, bada, greba hegaldirik ez dagoen aireportu eta orduetarako deitzea?). Egin dezatela niri enbarazu egiten ez didatenean. Horixe da agintariek, politikari gehienek, hedabideek herritarroi barnerarazi nahi diguten mezua. AENA eta beste hamaika enpresa pribatizatu nahi duten horiek, pentsioak eta osasuna pribatizatzera bultzatzen dutenek, langileen grebak enbarazu, mehatxu, xantaia gisa sumatzea nahi dute. Antza denez, «krisiari aurre egiteko» neurri eta erreformak ez dira langileentzako ez mehatxu ez xantaia, are gutxiago enbarazu.

Mezua irentsita, nik hegazkina hartzeko asmoa badut, alarma egoera eskatuko dut; Armada aireportuetara atzera ere. Eta hegazkinez bidaiatzeko asmorik ez badut, bost axola dit, baina nire elkartasuna hegaldirik gabe gelditzen direnentzat izango da; azken batean, ni ez naiz AENAko langilea, eta gainera oporretara joan ohi naiz edo joan ninteke. AENAko langileek ez dute elkartasunik merezi, kartzela baizik.

Horiek horrela, AENAko langileek eta langile guztiek oso argi izan beharko lukete beren arazoak ez dituztela konponduko enbarazu egin ez diezaieten baino nahi ez dutenen elkartasunak, beren borrokak -grebak barne, jakina- baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo