GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Emakume torturatuek ez dute egunik!

Baina oihuak ezin dira isilarazi. Mozorroak erori eta inkomunikazioa eta torturatzaileen inpunitatea bermatzen dituzten ustel guzien aurpegi nazkagarriak etortzen zaizkigu gogora

Martxoaren 8a ez da haiendako. Argi dago. Zurikeriaren oholtza erraldoian ez dute lekurik. Hitzik ez haiendako, politikari ustelen mintzaldietan. Ikusezinak dira, entzunezinak. Ez daude, ez dira. Errespetua merezi duten emakumeen zerrendan nor agertzen den erabakitzen dutenek ez dituzte ikusi nahi. Ez dute euren oihurik aditu nahi.

Urteoroko komediak errepikatu dira, espero zitekeenez. Milaka emakumeren bizitza hondatzen dutenek emakumeen aldeko aldarrikapenak ugaldu dituzte, aurten ere. Haizeak eramanen eta heldu den urteko martxoaren 8an, berriz ere, ekarriko dituen gezurrak. Betikoak. Nagusitzen diren mezu instituzional eta politikoen ohiko ergelkeriak. Berdintasuna gora eta behera, asko aurreratu dela, instituzioak eta gobernuak ederki ari direla lanean... Diseinuzko panfletoak. Publizitate garestia.

Eta, hondarreko urteotan bezalaxe, indarkeria matxista aho guztietan agertu da. Onartezina da eta, jakina, instituzio eta politikari guztiak kristoren lana egiten ari dira behin betikoz desager dadin. Polizia guztiek gogotik jarduten dute, indarkeria matxistari aurre egiten, borroka horren aitzindari direlarik.

Bai? Aitzindari? Segur? Aurten, berriki atxilotutako emakume baten bortxaketa salaketak urteroko zurikeria inoiz baino zuriago agerrarazi du. Eta ez zen erraza, aski zuriak baitira urteoroko zikinkeriak. Aurten, zurikeriaren gainean ibili dira, zaldun gisara, biktimatzat agertu nahian, tortura salaketak aipatu gabe. Emakume horren eta beste askoren kontakizun zirraragarriei erreparatu gabe. Trafikatu egin dute, oraingoan ere, erasoak direla salatuz. Baina ez dute esan tortura eta bortxaketa salaketa baten aurrean, Europako epaileek bi aldiz argitu dutenez, azken muturreraino eraman behar direla ikerketa eta arduren argipena.

Salaketari dagokion erantzuna eman beharrean, izugarrizko propaganda operazioa antolatu dute, interesatutako filtrazioari sinesgarritasun osoa eskainiz. Sorturekin lotu dute hain une aproposean agertutako «informazioa».

Nola lortu dituzte «aitorpen» horiek guardia zibilek? Zergatik aipatu dituzte atxilotuek urte askotarako kaltea ekarriko dizkietenak? Zer dela-eta beren burua kartzelara eramateko grina?

Hauek dira zital guziek beren buruari egin nahi ez dizkioten galderak. Hau da zuri guziek alde batera utzi duten zalantza. Hauxe da bakezale askoren loa astintzen ez duen kezka. Konplizeek ezkutatu nahi duten arduraren nortasun ikurra.

Ohiko aitzakiak errepikatu dira. ETAkoek jasotzen dutela torturak salatzeko agindua, dena asmakizun hutsa dela. Espainiar Justiziak berme guziak eskaintzen dituela eta abar. Polizien eta guardia zibilen portaera kolokan jartzea «terrorismoa» babestea besterik ez dela, finean.

Baina oihuak ezin dira isilarazi. Mozorroak erori eta inkomunikazioa eta torturatzaileen inpunitatea bermatzen dituzten ustel guzien aurpegi nazkagarriak etortzen zaizkigu gogora. Are nazkagarriago martxoaren 8an ikusi eta aditu ditugularik, nortzuk eta haiek, emakumeen eskubideez mintzo!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo