Ustez Ukrainako tren batean atxilo hartutako palestinarra, Israelen esku
Ukrainara zihoala, 42 urteko ingeniari palestinar bat bahitua izan dela baieztatu dute zenbait iturrik, eta gertakariaren atzean Mossad erakunde israeldarra dagoela salatu. Israelgo espetxe zerbitzuek, berriz, herrialdearen hegoaldeko kartzela batean dagoela baieztatu dute.
GARA |
Dirar Abu Sisi palestinarra, Gazako zentral elektrikoko arduradun-ondokoa, Israelgo espetxe batean atxikita dagoela salatu zuen atzo Hamoked giza eskubideen aldeko GKE israeldarrak. Hamas alderdi islamiarrak ziurtatu zuenez, 42 urteko ingeniaria Ukrainako tren batean atzeman zuten, eta uste denez, Israelgo zerbitzu sekretuak (Mossad) daude gertakarien atzean.
Hamoked taldearen zuzendari Dalia Kerstein-ek Eferi azaldu zionaren arabera, espetxe zerbitzu israeldarrak bi aldiz -hilaren 7an eta joan den ostegunean- baieztatu die Abu Sisi palestinarra Shikma-ko kartzelan dagoela, Ashkelon hiritik gertu. Bertan, galdeketa ugari egin ohi dira.
Abu Sisi, iragan otsailaren 19an atzeman zuten, eta hasiera batean, Petah Tikva-ra, Tel Avivetik hurbil dagoen espetxera, lekualdatu zuten, Kersteinek gaineratu zuenez.
Hala ere, espetxeko zuzendaritzak uko egin zion datuok baieztatzeari. Are gehiago, blokeo informatibo zurruna ezarri dute gertakariaren inguruan, prentsari honen berri ematea galaraziz. Nazioartean dagoeneko argitaratutako informazioa baino ez dezakete kaleratu.
Atzo, Israelgo egunkari nagusiek lehen orrialdera eraman zuten desagerrarazitako palestinarraren emaztearen salaketa. Bertan azaltzen zuenez, senarra Ukrainarako bidean zegoen, bertako hiritartasuna eskuratzeko tramiteak egiten ari zelako. Hamabi urtetan bizileku izan eta gero, Gazatik atera nahi zuten, beren sei seme-alabei bizimodu hobe bat emateko asmotan.
Hamas ere, kexu
Hamas mugimendu islamiar palestinarrak ere jazotakoa arbuiatu zuen atzo. «Bahiketa honek nazioarteko zuzenbidea eta Ukrainako subiranotasuna urratzen ditu. [Israelen] okupazioak nazioarteari egiten dizkion mespretxuen beste adibide bat da», adierazi zuen atzo Sami Abu Zohri bozeramaileak.
Ingeniaria berehala aske utz dezatela exijitu zuen eledunak, eta «Ukrainari, bere lurraldean burututako lege-hauste baten gaineko erantzukizuna» bere gain har dezala eskatu.
Ostegunean bertan, ustez Mossad israeldar erakundeak bahitutako ingeniari palestinarraren inguruan kaleratutako informazioa egiaztatzeko lanean ari direla baieztatu zuen Polizia ukrainarrak.