Harri-jasotzea Marka saiakera
Etxeberriak handienen bidea egin nahi du
J.L. I
Idoia Etxeberriak marka berri bat ezarri nahi du gaur Orion, Ikastolako plazan, 17.30etik aurrera hasiko den jaialdian. Orioko 18 urteko neska gazteak emakume batek plazan inoiz jaso duen harririk handiena jaso nahi du. 140 kiloko harri errektangularra izango du aurrean, eta bost minutuko txanda bat, berarekin lanean aritzeko.
Lehen ere emakumezkoen errekorra Etxeberriak berak dauka, joan den irailean Iruran 138 kilokoari bost jasoaldi eman baitzizkion bost minutuan.
«Ongi dago, ez Irurako saio hartako sasoi berarekin, baina ongi dago, eta uste dut marka lortuko duela», esan zuen Pello Saizar entrenatzaileak. «Etxean ongi jasotzen du, eta gauzak erabat okertu ezean, helburua beteko duela uste dut. Dena dela, edozein deskuidu nahikoa da gauzak okertzeko, baina itxaropen osoa daukagu», gaineratu zuen.
Entrenatzaileak garbi dauka lehen helburua jasoaldi bat egitea izango dela: «Hasteko, jasoaldi bat egin behar du, horrekin errekorra lortuta dauka. Hori egindakoan ikusiko da, baina hasteko jasoaldi bat egin behar du marka lortzeko, hori da helburua», dio. Etxean aritzeak sekulako indarra ematen diola onartzen du Pellok: «Idoia bere herrian ari denean hazi egiten da. Batzuk bere herritarren artean kikiltzen diren bezala, hau hazi egiten da. Sekulako gogoa du», esan du Pellok.
Marka saiakera 18.30 inguruan izango da, herri kirol jaialdiko azkeneko ekinaldia izango baita. Aurretik gizon-proba izango da Markinaren eta Orioren artean. Gero Orioko herri-kirol taldeko harri-jasotzaileak ere arituko dira, Joseba Ostolatza buru dutela. Azkenik antolatzaileek herriko gaztetxo guztiei ere dei egiten die, 16.00etarako Orioko ikastolako plazara joateko, umeentzat he- rri-kirol jolasak prestatu baitituzte.
Sokatira
Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko da gizonezkoen 600 kilokoan Gernikako Maloste kiroldegian. Bertan, Ibarra, Sokarri, Abadiño, Amaiur, Ñapurrak eta Indarka-Baiona neurtuko dira.
Emakumezkoetan, berriz, 500 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko da leku berean. Sakana, Badaiotz eta Ibarra arituko dira nor baino nor. Lehen jardunaldian Sakanak lortu zuen garaipena, Badaiotzen eta Ibarraren aurretik.