GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Ikusi nahi ez dutenen itsutasuna

Ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik ez dela dio esaerak. Ez naiz egindako esamoldeak asko erabiltzen dituen horietakoa; baina ezagutu ezagutzen ditut etxean entzunda asko. Gehienetan zentzua bai, baina bere horretan hitzak aldrebestu gabe errepikatzeko gaitasunik ez dut izaten. Hor muga.

Zenbaitetan, baina, burura etortzen zaizkit halako edo bestelako esaerak, parean jarritakoa deskribatzeko eta aztertzeko modu grafikoa eskaintzen baitute horietako askok; bide batez, aspaldian eraikitako esaerek urteak aurrera eginda ere, gaurkotasunik ez dutela galtzen pentsatzen dut. Bitako bat, oso ondo pentsatu eta eginak dira, edota gu oso aldrebes eta aurreikusgarriak gara, errepikakorrak, akaso.

Doinu berezia zuen bere hizketaldiak. Mantsoa zen, eta mantsoa bezain sakona, aldi berean. Bere herrialdea utzi eta Estatu espainolera lehenengo eta Euskal Herrira gero egindako ibilbidea azaldu zuen, pausoka-pausoka xehetasunez. Eta hara, bere hitzak adi-adi entzuten ari ginen guztiok gogortuta utzi gintuen esaldia: «Nire herritik irten nintzenean sekula ez nuen pentsatu emakume gisa hain makurtuta sentiaraziko nindutela; handik begiratuta, Europa bestelakoa zela uste nuen».

Ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik ez baita. Besteen zapiarekin begiak estalita gu eta gure zapietara itsu. Ez naiz ni zapiaz arituko, ez onera, ez txarrera, horiek daramatzatenei baitagokie haien inguruan hausnartzea eta, lotzen badituzte, haiek askatzea, elkarlanean behar bada. Begiak estali dizkigun zapia kendu behar dugu aurretik, ingurura begiratu, hausnartu eta ekin.

Burura berriz esaera etorri zait: «Nork bere kopetako zikinik ez du ikusten». Ez, ez dugu gurean erreparatzen bestearen kopetakoari begira ahalegin guztiak agortzen baditugu eta gure burua ispiluaren aurrean jartzeko gai ere ez bagara. Pasa den astean, Martxoaren 8aren harira, makina bat arrazoi jarri zitzaizkigun begien aurrean geure buruari eta inguruari begira jartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo