GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria

Txina, Japonia, Europa eta AEBak

Oreka fiskal egoki batekin enplegu osoa lor daiteke defizit egokia edukiz, zeren langabezia ez baitagokio makina/produktibitate bikoteari, defizit apropos bati baizik

Txina prest egon da Europari laguntzeko. Orain Japoniak ere Europako bonu subiranoak erosi nahi ditu: bere kanpo-trukeko erreserbak erabili nahi ditu Irlandari laguntzeko, jaulkiko diren bonuen % 20 eskuratuz. Helburu hurbila yena ahultzea da (euroarekiko), haren esportatzaileei laguntzeko.

Jakina denez, Europar Batasuneko herrialde kideen defizitak murriztu ditu Europako Banku Zentralak (EBZ); horrek deflaziozko austeritatea dakar, haien bonuak edozeinek erosten dituelarik.

Bitartean, Alemaniak hazkunde ekonomikoa izan du, haren esportazioak batez ere gainerako Europara joaten direlarik. Hori dela eta, Alemaniak segi dezake EBZren finantzaketa-laguntza babesten. Hortaz, alde batetik austeritate neurriek, eta bestetik EBZren finantzaketa-laguntzak, euro sendoa bermatuko lukete.

Baina Warren Mosler-ek dioenez, euroguneko austeritateak, punturen batean, agian aurten, defizitak murrizteari utziko dio, eta harturiko neurri gogorrak hazkundeari kontrako norabidean eragingo dio, defizitak handituz, euroaren ahulezia ekarriz.

Beste aldetik, EBZren inflazioaren kontrako erretolikak ez du ulertzen moneta monopolio publiko hutsa dela eta ez aurreikuspenen ondorioa. Mosler-en ustez, EBZren inflazioaren aurkako politika «ekonomia azteka»-ren beste etsenplu bat da: aztekek giza sakrifizioak gauzatzen zituzten, eguzkia goizero aterako zela segurtatzeko.

Txinari eta Japoniari dagokienez, eta ikusita Europan zer egiten duten, Mosler-ek proposamen bat luzatu die: biek AEBetako estatuko bonu munizipalak erostea, horrela erreskatatzeko eragile gisa agertuko lirateke, EBn egin duten antzera.

Horrela, bien monetak (dolarrarekiko) ahulduko lirateke eta beraien esportazioak areagotu.

Kanpo-zorrari dagokionez, AEBetako 4 x 1012 dolarreko kanpo zorra dolarretan da nominatua, ez atzerriko monetan. Hortaz, ez dago inolako arazorik ordaintzeko. (Alderantziz, atzerriko monetan nominatua izan balitz AEBek arazoa izango lukete.) Atzerritarrek AEBetako Altxor Publikoko edo beste motatako bonuak erosteak ez dauka inongo zerikusirik AEBek bere inperialismoa finantzatzeko, zeren AEBek nahi duten beste moneta jaulki baitezakete. Izan ere, AEBetako gobernu-gastu guztia «banku kontuetan zenbakiak markatuz» lortzen da, aspaldian ez dena Fed-eko oraingo nagusiak, Ben Bernanke-k, esan zuen moduan.

Atzerritar bankuek dolarrak erosten dituzte beren truke tasak baxu edukitzeko. Haiek uste dute hori beharrezkoa dela beren esportatzaileak lehiakorrak izateko, eta beraz, beren esportazio-sektorean langabezia alboratzeko. Baina hori egiten dute beren makroekonomien kalterako. Izan ere, atzerritar herrialdeek ondasunak eta zerbitzuak AEBei esportatzen dizkietenean, hori egiten dute beren makroekonomien konturako.

Orain, aldiz, AEBak Txinari presioa egiten ari dira Txinak dolar pilo bat gasta dezan zenbait produktutan (AEBetako hegazkinak, autoak, nekazaritza arloko ondasunak eta behikia). Uste dute AEBetako arazo makroekonomikoen iturria Txina dela.

Mosler-ek argi dauka: «Horixe da xede publikoaren zentzu erabat okerra, eragiketa monetarioak ez ulertzearen ondorio zuzena».

Izan ere, helburu publiko zuzena beste kontu bat da: oreka fiskal egoki batekin enplegu osoa lor daiteke defizit egokia edukiz, zeren langabezia ez baitagokio makina/produktibitate bikoteari, defizit apropos bati baizik.

Kontua da Txinak onartu duela AEBetako ondasunak erostea. Beraz, AEBak esportatzaile bilakatu dira Japonia bezala arituz, dolarrak AEBetara itzultzen direlarik eta hori xede publiko ontzat hartuz. Lehen aipatu bezala, esportazioak gauzatzen dira makroeko- nomiaren, kasu honetan AEBetako makroekonomiaren, kalterako. Baina berdin die, denak pozik Txinak AEBetako ondasunak erosten dituelako.

Diru-teoria modernoa ulertzea da funtsezko arazoa. Irakurleak badauka non eta zer ikasi (http://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/diru-teoria-modernoa-dtm). On egin!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo