GARA > Idatzia > Ekonomia

Europar Batasunak berriro soldatei eta lan eskubideei eraso diela salatu du ELAk

Euroguneko herrialdeek onartu duten Euroaren Itunaren bidez, gobernuek soldatei eta lan eskubideei «berriro erasotzeko» konpromisoa hartu dutela salatu du ELAk. Hitzarmenean jaso dituzten neurriak Tea Party mugimenduak defendatzen dituenak direla esan du.

p024_f01.jpg

A.Z.

Joan den ostiralean euroguneko herrialdeetako buruek onartu zuten Euroaren Itunaren bidez Europar Batasuneko (EB) gobernuek soldatei eta lan eskubideei «berriro erasotzeko» konpromisoa hartu dutela salatu du ELA sindikatuak. Horrekin batera, babes sozialaren eremuan, pentsioetan, osasungintzan nahiz zerbitzu sozialetan, besteak beste, murrizketa berriak jasotzen ditu aipaturiko itunak, sindikatuaren esanetan.

Zentzu honetan, ELAko Mikel Noval-ek atzo prentsa ohar batean gaitzetsi zuenez, Europar Batasuna zuzentzen dutenek aho batez onartu dituzte ituneko «neurri guztiak», hain zuzen, «Ameriketako Estatu Batuetako Tea Party mugimenduak defendatzen dituen berberak». Funtsean, «Europaren eraikuntza-proiektu ahalik eta atzerakoienaren alde eskutik doaz sozialdemokrazia eta Berlusconi», salatu zuen ELAko kideak.

Hala, Euroaren Ituna sinatu duten buruzagiek hainbat neurri ezarri beharko dituzte euren herrialdeetan. Ildo horretan, Novalek gogor salatu zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero lehendakari espainiarrak sinaturikoa beteko duela adierazi duela eta, beraz, neurri berriak aurkeztuko dituela. «Zapaterok botere ekonomikoaren txotxongiloa izatea onartzen du. Bruselara joaten da, zer egin behar duen esaten diote, itzuli eta esan diotena egiten du. Buruzagi politiko batengandik espero daitekeenaren kontrakoa da hori», esan zuen Noval-ek.

Ostiraleko akordioa kontuan hartuta, Madrilen eztabaidagai duten negoziazio kolektiboaren erreformaren helburua zein den argi dagoela esan zuen Noval-ek, «soldatei erasotzea eta laneko eskubideak are eta gehiago desegitea» hain zuzen ere. Zentzu honetan, CCOO eta UGT sindikatuen jarrera lotsagabekeria hutsa dela esan zuen, azken 35 urteetako politika gogorrenak babesten ari direlako. Hala, «negoziazio kolektiboa erreformatzeko, negoziazio bat antzezten jarraitzen dute», kritikatu zuen, baita ohartarazi ere, azkenean, akordio honek ere «europar politika kontserbadoreak aseko» dituela.

Azkenik, Euroaren Ituna «estatu bakoitzeko gobernuburuak egingo dituen murrizketak Europaren bidez zuritzeko saiakera» dela salatu zuen ELAko kideak. Aitzitik, murriztuko dituzten arloak, itunak berak aitortzen duen bezala, gobernuen eskumenekoak direla gogorarazi zuen eta, beraz, gobernuek, murrizketetan duten erantzukizun politikoa ezkutatzeko, aurrez eurak definitu duten europar esparru baten pean jartzea erabaki dutela.

ESKUTIK

Europaren eraikuntza proiektu ahalik eta atzerakoienaren alde, sozialdemokrazia eta Berlusconi eskutik doazela eta bultzatzen dituzten neurriak AEBetako Tea Party-k defendatzen dituen berberak direla esan du ELAk.

Zuritzeko saiakera

Euroaren Ituna eurogunea osatzen duen estatu bakoitzeko gobernuburuak dagokion estatuan egingo dituen murrizketa sozialak zuritzeko saiakera dela esan du sindikatuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo