GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arabako gazte mugimenduak errepresioa salatzera deitu ditu eragile eta herritarrak

GARA

Arabako gazte mugimenduko kideek bat egin zuten larunbatean Gasteizen, azken urteotan herrialdeko gazteriaren aurka izandako «errepresio basatia» salatzeko. 2007ko urtarrilean Auzitegi Gorenak Jarrai, Haika eta Segi «erakunde terro- rista»tzat jo zituenetik, 214 gazte atxilotu dituztela gogorarazi zuten, eta horietatik 130 espetxeratuak izan direla. Atxilotutako gazteen artean 50 arabarrak direla nabarmendu zuten, eta hala, norbanako eta eragile guztiei dei egin zieten Arabako gazteriak eta Euskal Herri osokoak pairatzen duen «egoera latza» salatzera eta gerta litekeen «eraso bakoitzaren aurrean erantzuteko konpromisoa hartzera». Era berean, «hainbat komunikabidek egoera larri hori isilaraziz eta gazte mugimendua kriminalizatuz erakusten duten konplizitatea» amaitzeko exijitu zuten. «Eskubide zibil eta politikoen errespetua irmoki exijitzeko ordua iritsi da Euskal Herrian, eta horien defentsan gazteak lehenengo lerroan egongo gara», zioten.

Dozenaka gazte arabar bildu zituen prentsaurrekoa hastear zela, Ertzaintzaren bost patruila lekuan bertan agertu eta ekitaldia galarazten saiatu ziren, gazte bat identifikatu ere egin zuten. Hala ere, agerraldia bertan behera uzteko asmorik gabe, gaztetxean egitea erabaki zuten.

Une honetan, Araban 20 gaztetik gora atxilotuak izateko arriskuan daudela ohartarazi zuten, eta euren izenak aurreko sarekadetan «torturapean» atera zirela eman zuten jakitera.

Horiek horrela, «gazte hutsa izateagatik» jasaten duten jarraipen, presio, atxiloketa, tortura eta espetxeratze oro salatu zuen gazte mugimenduak, eta ozen azaldu zuten ez dutela «beste gazte bakar baten kontrako jazarpenik onartuko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo