GARA > Idatzia > Kultura

Intxorta elkarteak irudi bihurtu ditu 1936ko Gerrako testigantzak

1936ko Gerrak sarraski zenbaezinak eragin zituen Euskal Herrian, eta Intxorta 1937 kultur elkartea memoria historikoaren alde lanean dabil, horiek guztiak ahaztu ez daitezen. Gaur bi dokumental berri aurkeztuko ditu Donostian, Aretxabaleta eta Elgetan izandako gertaerei buruzkoak.

p042_f01_148x103.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Intxorta 1937 kultur elkarteak urte asko darama lanean 1936ko Gerrako gertaerak ahaztu ez daitezen, eta orain arte egindakoari bi dokumental gehitu dizkio: «Gerra Zibila Euskal Herrian. Gerra eta errepresioa Elgetan» eta «Malko gorriak. Gerra Zibila Aretxabaletan». Gaur iluntzean Donostian emango dituzte lanok, 19.30ean, Alde Zaharreko Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan.

Dokumental hauen grabaketan 47 boluntariok parte hartu dute, «Malko gorriak» lanean, herriko gaztetxeko gazteak izan dira nagusiki. Gerrak haur zirela harrapatu zituen Elgeta inguruko hamazazpi laguni egindako elkarrizketak ere bildu dituzte. Baserritar baten atxiloketa ikusten da, baita Ondarretako espetxera nola eraman zuten ere. Bestalde, «Dragones» batailoiko gudariek lubakietan frankisten aurka egindako borroka ere ageri da. «Malko gorriak» 33 minutuko lana da eta «Gerra eta errepresioa Elgetan» lanak 23 minutuko iraupena du.

Elgetako kontaketan, 36ko urrian eta 37ko apirilean, Intxortako batailaren egunetan gertatu ziren borrokak azaltzen dira nagusiki. Mola jeneralak soldaduei herritarrekin nahi zutena egiteko baimena eman zienean herritarrek sufritu behar izan zutena ere kontatzen dute lekukoek, emakumeak bortxatuak izan zirela, egin ziren atxiloketak, gudariak harrapatu edo bertan hil egiten zituztela, adibidez.

Gogoan izateko

Lan honek guztiak helburu finko bat du. «Beharrezkoa da gelditzen diren lekukoei informazioa jaso eta azaleratzea, jendeak jakin dezan. Gaur alderdi politikoak zerbait egitera ausartzen dira, baina oso gutxi. Frankistek gerra irabazi eta gero, `causa general' abiatu zuten egindako sarraski eta hilketak aztertzeko. Baina, 33 urte daramagu demokrazian eta `causa general' hori egin gabe dago oraindik eta arduradunak ohean hiltzen ari dira inongo errespontsabilitaterik gabe», zioen Juan Ramon Garaik, Intxorta 1937 kultur elkarteko kideak. Hala, garai haietan bizitakoak argitara eman nahi dituzte, ahaztuak ez izateko.

Orain arte sei liburu idatzi ditu elkarteak, eta hauek dira lehenbiziko dokumentalak. Ez dira azkenak izango. «Gure asmoa aurten beste bi dokumental egitea da. Bata, Arrasaten izandako emakumearen errepresioari buruzkoa, eta bestea, Oñatikoa», azaldu zuen Garaik. Bideo guztiak liburuekin kaleratzeko asmoa du elkarteak, osagarritzat. Oñatiko gertaerei buruzko liburua idazten hasiak dira, eta Arrasatekoa aspaldi idatzi zuten. Orain «Malko gorriak» kaleratzearekin batera, Aretxabaletako gertaerei buruzko lana idazten ari dira.

Dokumentalak iaz amaitu zituzten, Elgetakoa apirilean eta Aretxabaletakoa azaroan. Errodaje lanetan Elgetako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak hartu dute parte, baita Arteman enpresak ere. Baina jarritako dirua berreskuratu eta irabazi gutxi batzuk eduki ahal izateko, dokumentalak salgai jartzea erabaki dute. Intxorta elkartearen webgunean (www.intxorta.org) lor daitezke biak.

Bestetik, Arrasateko emakumeei buruz egin nahi duten dokumentala aurrera atera ahal izateko, laguntzaile bila ari dira, hain zuzen ere, 12 euroko ekarpena egiteko prest dagoen jendea. Hala, lan guztiak amaitu eta DVDa kaleratzean, laguntzaile horiei ale bana bidaliko diete.

Gaurko emanaldian, Elgetako eta Aretxabaletako herritarrek bizi behar izan zituztenak azalduko dira Donostian. Juan Ramon Garaik eta Julia Mongek aurkeztuko dituzte dokumentalak, eta amaieran, solasaldia izango dute bertaratuekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo