GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak, binakako txapelketa

Ezkurra eta Lanbert anaien arteko demak eman zituen atzoko zozketak

Jon LEUNDA | BAIONA

Anaien arteko bi dema egongo dira igande honetan Baigorrin hasi eta apirilaren 30ean Baionako Moderne trinketean amaituko den Berezkoen Binakako Txapelketako azkeneko fasean. Hala agindu zuen atzo Baionan izandako aurkezpen ekitaldian egindako zozketak.

Hala, lehen multzoan, buruz buruko txapeldun izanak diren Ezkurra anaiak elkarren aurka arituko dira, Patrick zaharrenak Etxeto izango du lagun aurreko koadroetan, eta Intxauspe izango da Paxkal gazteenaren aurrelaria. Ibarrola-Jannnots bikoak osatuko du lehen multzoa.

Bigarren multzoan, aldiz, Lanbert anaien arteko dema izango da. Ximun Lanbert azken unean sartu da txapelketan, ostegunean min hartu zuen Patrick Ozafrainen lekua beteko baitu berak, Waltari handiari bizkarrak zainduz. Laurent Lanbertek, bere aldetik, ezker artean aritutako Harizmendi izango du bikotekide. Eta Bielle-Kurutxari bikoteak osatuko dute bigarren multzo hau.

Lehiak ahalik eta orekatuenak suerta daitezen, aurrelari eta atzelarien sailkapenak osatu dituzte, aurrelaririk onena (Waltari) atzelaririk eskasenarekin (Ximun Lanbert) bikotea osa dezan eta alderantziz, atzelaririk finena (Etxeto), aurrelaririk ahulenarekin, Ezkurra I.a beteranoarekin aritzeko.

Lehen partida igandean, Baigorrin jokatuko da, Intxauspe-Ezkurra II.a Ezkurra I.aren eta Etxetoren aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo