GARA > Idatzia > Mundua

Hamasekin hitz egiteko Gazara joateko prest agertu da Abbas

Hamasek egindako gonbita onartuz, palestinarren batasuna ahalbidetzeko asmoz Gazara joateko prest dagoela azaldu zuen atzo Mahmud Abbas Aginte Palestinarreko presidenteak. Gainera, Gobernu berriaren eraketa atzeratuko duela esan zuen, Hamasekin hitzarmena errazago lortzeko. Hamasek ondo hartu zuen proposamena, eta Abbas lehenbailehen bertaratu dadin neurriak hartuko dituela esan zuen.

p020_f01_148x104.jpg

GARA

Mahmud Abbas Aginte Palestinarreko presidentea Gobernu berriaren sorrera atzeratzeko prest agertu zen atzo, Hamasekin «batasun nazionaleko hitzarmena» adostea ahalbidetzeko asmoz. Gazara joateko prest dagoela adierazi zuen, palestinarren arteko zatiketari amaiera eman, eta pertsona independenteek osatutako gobernu bat eratu ahal izateko asmoz, Presidentetza, Legebiltzar eta Kontseilu Nazionaleko hauteskundeak prestatzeko, «sei hilabeteko epean edo ahal denean».

Hori adierazi zuen Abbasek telebistan emandako hitzaldi batean. «Prest nago gobernuaren eraketa atzeratzeko, bihar edo etzi hitzarmena lortuko badugu», gaineratu zuen.

Izan ere, Salam Faijad lehen ministroak datozen egunotan iragarri behar zuen zeinek osatuko duen gobernu berria.

«Ismail Hanijeri [Gazako Hamasen Gobernuko burua] eskatzen diot bisita hau antolatzeko behar diren neurriak har ditzala -esan zuen-, beste mugimenduekin eta Gazako herriarekin koordinatuz, niri harrera egiteko Beit Hanunen [Hamasen kontrolpeko pasabidea] datozen bi, hiru edo lau egunotan, eta, hala, zatiketa aro beltz eta lotsagarri hau atzean uzteko».

Gobernu neutral berria

Nabil Abu Rudeinak, Abbasen bozeramaileak, esan zuenez, «presidentearen ekimenak Hanijerekin elkartzea du helburu, Palestinako pertsona neutralek osatutako gobernua egiteko».

«Presidenteak esan du prest dagoela Palestinako Gobernu berriaren eraketa atzeratzeko, bere ekimena aurrera atera ahal izateko», berretsi zion bozeramaileak France Press agentziari.

«Hainbat alditan esan dut eta berriro esango dut: ni ez naiz aurkeztuko», argitu zuen Abbasek hauteskundeen inguruan. Bere agintaldia 2009ko urtarrilean bukatu zen, baina buru palestinarrek luzatu egin dute, botere hutsunea ekiditeko.

«Hamasi aukera historiko hau ez galtzeko eskatzen diot, zatiketa bukatzeko eta gure kausari kalte larriak eragin diezaieketen mehatxuen aurrean bat egiteko», gaineratu zuen palestinarren buruak. «Herri palestinarrei, indar politikoei eta gazteei Hamasi presioa egiteko eskatzen diet, ekimen honi erantzuteko», dei egin zuen.

Abbasek dei hori egin eta berehala, Hamasek pozik hartu zuen Aginte Palestinarreko presidenteak onartu izana Hanijek egindako proposamena.

Hamasek ondo hartu du

«Bisita antolatzen hasiko gara, lehenbailehen izan dadin», adierazi zuen Sami Abu Zuhri Hamaseko eledunak.

Sabri Saidamek, PAE Palestina Askatzeko Erakundeko Kontseiluko kideak esan zuen Abbasek aspaldian joan nahi zuela Gazara, baina orain aukera hobea dutela, «herria egiten ari den presioa dela-eta, adiskidetu gaitezen». Saidamen hitzetan, litekeena da Abbasen bisita datorren astean izatea. Modu honetan, Hamasek eta Palestinako Aginteak erantzuna eman diote asteazkenean manifestazio jendetsuetan milaka palestinarrek egin zieten eskaerari. Gazan zein Zisjordanian milaka lagun elkartu ziren, Facebook eta Twitter sare sozialen bidez deituta, mugimendu palestinarren arteko zatiketaren aurka eta Israelgo okupazioari bateratuta aurre egiteko. Joan den hilabetean Abbasek aurten Presidentetzarako eta Legebiltzarrerako hauteskundeak deituko zituela esan zuen. Hamasek, berriz, batasun Gobernua sortu arte ez zuela deialdia ontzat emango.

Abbas Gazara joango den albistea zabaldu zen egun berean, Israelek Hamaseko segurtasun gune bati eraso egin zion eta bi pertsona hil zituen.

gobernua atzeratu

Gobernu berria osatzeko kideak datozen egunotan hautatu behar zituen Aginte Palestinarrak. Abbas prest azaldu da, batasuna lortze aldera, urrats hau atzeratzeko eta kide neutralek osatutako exekutiboa sortzeko.

bi hildako

Bi palestinar hil ziren atzo Israelgo bi F-16 ehiza-hegazkin bonbaketarik Hamaseko segurtasun gune bati eraso ondoren, Gaza hiriko hego-ekialdean, Gazako Osasun Ministerioko larrialdietako buru Azham Abu Salmijak esan zuenez.

Uruguay reconoce al Estado palestino sin definir fronteras

El Gobierno de Uruguay anunció ayer el reconocimiento del Estado palestino, lo que le convierte en el noveno país latinoamericano que ha dado este paso en los últimos meses. El Ministerio de Asuntos Exteriores precisó que el reconocimiento no especifica las fronteras palestinas e israelíes «para evitar interferir en un asunto que requiere de un acuerdo bilateral». «Tenemos el deseo compartido con la mayoría de la comunidad internacional de que en el futuro cercano, los pueblos palestino e israelí puedan coexistir en paz», afirmó el Ministerio urugayo. La Autoridad Nacional Palestina mostró su satisfacción por este reconocimiento. «Es de suma importancia porque, por primera vez, un país reconoce al estado palestino independiente y soberano en base a las resoluciones de la ONU», indicó a Efe Munyed Saleh, director general para América Latina del Ministerio de Exteriores palestino. Saleh explicó que el documento uruguayo «hace referencia a la resolución del Consejo de Seguridad de la ONU 181 que aboga por un estado judío y otro árabe en la Palestina bajo mandato británico», y a la 242, «que reconoce las fronteras del Estado palestino como las previas a 1967». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo