GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa 715 gizon-emakumek osatzen dute

Gaur egun, azken datuen arabera, 715 presok osatzen dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboa. Euskal Herriko, Estatu espainol zein frantseseko, Portugalgo eta Ipar Irlandako laurogei espetxetan sakabanaturik dituzte. Kolektiboko zortzi kide etxeko atxiloaldian daude.

p017_f0223156.jpg

GARA

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) egindako azken zenbaketaren arabera, 715 euskal herritar daude preso laurogeiren bat espetxetan sakabanatuta. Gehienak Estatu espainolean eta Estatu frantsesean, bakan batzuk Euskal Herrian, eta bana, Portugal zein Ipar Irlandan. Zehazki, EPPK-ko 549 gizon-emakume daude Estatu espainoleko 49 espetxetan sakabanaturik. Presoak, gainera, espetxeetan barreiatuta eduki arren, espetxe barruan ere moduluen bidez banatzen dituzte, zentro berean egon arren, elkarren arteko harremanik izan ez dezaten.

Cadizeko Puerto de Santa Mariako hiru espetxeetan, Euskal Herritik 1.000 kilometrora, 34 euskal preso daude. Hala ere, Madrileko espetxeetan biltzen dira preso gehien; hala, Alcala, Valdemoro, Navalcarnero, Soto del Real, Aranjuez eta Estremerako espetxeetan, 101 gizon-emakume daude guztira, behin-behineko espetxealdian eta zigorra betetzen ari direnen artean. Bestetik, Teruel eta Soriako espetxeetan hiruna preso daude, horietako hainbat bakartuta.

Estatu frantseseko 29 espetxeetan sakabanatuta, berriz, 150 preso daude. Fleury Merogis-eko kartzelan 23 gizonezko eta 11 emakumezko daude eta Fresnesen 14 eta 6. Estatu frantsesean baina, ugari dira espetxeetan erabat bakartuta daudenak. Hala nola Bapaumeko espetxean Cristina Goirizelaia fruiztarra dago bakartuta, Mont de Marsanen Jean Marie Saint Pee eiheralartarra, Perpinyan Inocencio Soria urretxuarra eta Toulonen eta Uzerchen, hurrenez hurren, Juan Carlos Estevez eta Jose Luis Campo donostiarrak. Guztiz bakartuta daude, baita ere, Andoni Zengotitabengoa Lisboan eta Fermin Vila Belfasten. Euskal Herriko espetxeetan EPPK-ko bost preso daude, hiru Langraizen eta bi Basaurin; azken espetxe honetako presoak gaixorik daude.

Basaurin den Jon Agirre Agiriano Elurtxuri preso aramaioarra, laster irtengo da 30 urte espetxean emanda. Jose Mari Sagardui Gatza zornotzarrak ere datorren apirilaren 13rako du irteteko data jarrita. Europa osoan espetxean denbora gehien daraman presoa da Gatza, 31 urte betetzear dituenean irtengo da.

Azkenik, gaur egun, zortzi dira euren etxeetan kontrolpean preso diren EPPK-ko kideak. Guztiak gaixorik daude, eta gehienek urteetan behin eta berriz eskatu behar izan dute 92. artikulua aplikatzeko, hau da gaitz larri eta sendaezinak dituzten presoak aske uzteko agintzen duena. Espetxetik irtetea lortu dute, etxeko atxiloaldian jarraitzen duten arren.

«Sagar ustelarena»

Barne Ministerio espainolak, bere aldetik, Euskal Herrira gerturatzeak «joan-etorrikoak» izan daitezkeela ohartarazi nahi izan die EPPK-ko kideei, «terrorismoa errefusatzen ez badute». Ministeriotik urte honetan bertan «gerturatze politikan» hirutan atzera egin behar izan duela iragarri dute. Hala, ustez «indarkeriatik urrundu zirela ziruditen» hiru preso Zuera (Zaragoza) eta Villabonako (Asturias) kartzeletara «gerturatu» zituztela zioten, baina, «gainerako kideen perfilarekin bat egiten ez zutenez» berriz ere aldatu egin dituztela. Jose Felix Zabarte, Iñaki Etxeberria Mortadelo eta Sebastian Prieto presoak dira ehunka kilometrora bidali dituztenak. Ministerioak dio «espetxe-laboratorio» horietan diren gainerako kideen artean «sagar ustelaren» eragina izan dezaketelako bereizten dituztela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo