Ikastolak, «elkarrekin eraikitzeko» gogoetan
Ikastolen Elkarteak antolatuta, XVIII. Jardunaldi Pedagogikoak izan dira egunotan Gasteizen eta hezkuntza komunitate osoak etorkizuna elkarrekin eraiki dezan beharrezkoak diren giltzarriak zeintzuk izan behar duten hausnartu dute hiru egunez. Bildutako ehunka irakasleek ikasgeletara eraman beharko dute orain jardunaldietan ikasitakoa.
Oihana LLORENTE | GASTEIZ
Ikastolen Elkarteak hiru egun eman ditu gogoetan murgilduta, asteartetik atzo arte Gasteizko Europa Jauregian Jardunaldi Pedagogiakoen 18. edizioa burutu du-eta.
Azken urteetako aztergai nagusia, hots, gaitasunetan oinarritutako hezkuntza, atzean utzi, eta hezkuntza komunitate osoaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute egunotan. Aukeratutako leloak, «Elkarrekin eraiki, elkarri irakatsi, elkarrekin lanean, elkarrekin ikasi», ondo baino hobeto azaltzen du edizio honen funtsa.
Jardunaldien arduradun Belen Baztarrikak argi du ikastolen mugimendua komunitate bat dela eta irakasleez gain, ikasle eta gurasoen nahi eta beharrak aintzat hartu behar direla; eta hor dago jardunaldi hauen gakoa. Bidea elkarrekin egiteko eta elkarrekin eraikitzeko hezkuntza komunitatea nola koordinatu behar den argitu nahi izan dute jardunaldi hauetan, finean, garatu beharreko lidergo pedagogikoak zer nolakoa izan behar duen aztertu dute.
Hiru egunez, goiz eta arratsaldez, makina bat hitzaldiren bidez ikasteko aukera izan dute bertaratutakoak. Hizlariak gainera ez dira nolanahikoak izan.
Asteartean Juan Manuel Escudero Didaktikan katedraduna izan zuten hizlari lanetan eta irakasleen arteko elkarlana «ezinbestekoa» dela adierazi zuen. Irakasleek talde bat osatzen dutela argi du Escuderok, edozein ikasleren hezkuntzan irakasle batek baino gehiagok parte hartzen duelako. Haatik, heziketa egokia izan dadin, irakasleen arteko komunikazioa ezinbestekoa dela esan zuen, «gainontzean, heziketa baino ikasleek kaosa jasoko luketelako».
Escuderok funtsezkoa deritzo irakasleen etengabeko prestaketa eta formazioari, eta lan horretan ondoan dauden irakasleek izan dezaketen garrantzia nabarmendu zuen. Elkarri behatzea eta elkarri aholkuak ematea giltzarri direla adierazi eta talde lanaren aldeko hautua egin zuen katedradunak.
«Eskola berritzen eta berrantolatzen» izenburua zuen Joaquin Gairin Pedagogia katedradunak emandako hitzaldiak. Asteazken goizean izan zen Gairinen hitzordua eta ikastetxeen autonomiaren aldeko defentsa sutsua egin zuen. Eskolak eta gizarteak eskutik hartuta joan behar dutela uste du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedradunak eta, hortaz, gizartea aldatzen den neurrian eskola ere moldatu behar dela defendatu zuen.
Atzo ondorioen txanda iritsi zen eta horiekin itxi zituzten jardunaldietako ateak. Baztarrikak berak eta Manu Aurrekoetxeak hartu zuten hitza, eta ikastolek «txanponaren bi aurpegi bezala, irakasteko eta ikasteko tokiak» izan behar dutela nabarmendu zuen. Elkarlanerako lotura sozialak eta intelektualak sortzea eta indartzea funtsezkoa dela esan zuten bi arduradunek.
«Gela barruan izaten diren praktika onen berri eman behar diogu elkarri», adierazi zion Baztarrikak GARAri; «gelak ireki egin behar ditugu, eta leloak dion bezala, elkarrekin ikasi behar dugu», gehitu zuen.
Jardunaldien beste ondorioetako bat, ikastolen mugimenduaren hastapenean bezala, ikastolek «gizartearen beharrei erantzun» behar dietela da. Era berean, urteko helburu zehatzak sistematikoki ebaluatzeari ere garrantzi berezia eskaini zioten, bai eta emaitzak denen artean partekatzeari ere.
Orekari ere berebiziko garrantzia aitortu zioten eta ikastolako «lau dimentsioen garapena era koherente eta orekatuan egin behar dela» adierazi zuten; dimentsio curricularra, antolamenduzkoa, profesionala eta komunitarioa dira lau atal horiek eta batera landuz gero, «aldaketa eta berrikuntzak egonkor bihurtuko» direla uste dute.
Jardunaldi pedagogikoak izanik, erabilitako metodologia ondo zaindu dute eta hizlariez gain, tailerrak egin dituztela argitu du Baztarrikak. Bertan irakasleak lantaldeka batu eta aurrez hizlariek emandako gi- doiaren gainean eztabaidan eta hausnarketan aritu direla eman zuen aditzera. Tailerrak amaitzeko, taldeka ateratako ondorioak bateratu dituzte. «Hitzaldi batean baino eduki gehiago barneratzen da era honetako metodologiarekin. Teorian ikusitakoa praktikan nola aplikatzen den eztabaidatzen dugu eta modu honetan errazago iristen dira hobekuntzak ikasgeletara», azaldu zuen.
Baztarrika pozarren agertu zen egunotan, eta ia 700 profesionalek parte hartu dutela jakinarazi zion GARAri; «irakasleak eta zuzendariak, batik bat», aitortu du.
Euskal Herri osoko 87 ikastola eta ikastetxetako ordezkariak izan dira jardunaldietan eta, orotara, 690 profesionalek hartu dute parte.
Adituen ekarpen teorikoez gain, hainbat esperientzia gertutik ezagutu dituzte Jardunaldi Pedagogikoen aurtengo edizioan. Kanboko Xalbador kolegioko eta Lizarrako ikastolako esperientziak dira horietako bi eta irakasgaien gainetik elkarrekin lan egiteko aukera badagoela frogatzen dute bi egoerek.
Lizarrako ikastolan DBHko 2. mailako lau irakasgaietako edukiak arazo-egoera batean aplikatzeko planteamendua egiten da eta Lapurdiko ikastolan, berriz, maila ezberdinetako ikasleak batera jartzen dituzte lanean. Mailak nahastea «biziki interesgarria» dela adierazi zuen bertako irakasle Maite Andiazabalek, eta ikasleen arteko elkartasuna eta laguntza bultzatzen dituela nabarmendu zuen. Era berean, ikasleak geletan banatuta egon beharrean, eremu desberdinetan daudenak irakasleak direla azaldu zuen, era honetan ikasleak dira batetik bestera mugitzen direnak. «Horrela ikasleak irakaslearen eremuan sartzen dira eta ez alderantziz», gaineratu zuen Andiazabalek.
Bihotz Gaztea ikastolako esperientzia ere aztertu zuten, teknologia berriak erabiliz metodologia pedagogikoak sartzen dituen proiektua. GARA