GARA > Idatzia > Mundua

AEBek espioi lanak egingo dituzte Mexikon, narkotrafikoa kontrolatzeko

Piloturik gabeko hegazkin espioiak, «drone» izenekoak, erabiliko dituzte AEBek Mexikon aritzen diren droga-trafikatzaileen kartelak kontrolatu ahal izateko. Horrela adostu zuten bi herrialdeetako presidenteek, orain arte erabakia ezkutuan gorde badute ere.

p024_f01.jpg

GARA

AEBetako hegazkin espioiak joan den otsailean hasi ziren Mexikon hegaldiak egiten droga trafikatzaileen kartelen jardueraren berri izateko, asteazkenean «The New York Times» egunkariak argitaratu zuenez. Azken lau urteotan 35.000 lagun hil dira Mexikon narkotrafikoak eragindako indarkeria dela-eta.

Felipe Calderonen eta Barack Obamaren gobernuek martxoaren 3an adostu zuten AEBetako piloturik gabeko hegazkinek Mexikon hegaldiak egitea droga saltzaileen mugimenduen berri izateko, Ginger Thompson eta Mark Mazzetti kazetarien informazioaren arabera.

Washingtonen eta Mexikoren arteko elkarlana ezkutuan izan dute, «legeak ezartzen dituen trabak direla-eta subiranotasun nazionalaren gainean sor daitezken haserreak ekiditeko», funtzionarioek egunkariari esan ziotenez.

Bi gobernuek bi herrialdeetako polizien elkarlana bultzatzeko zentro bat sortzea adostu zuten, baina kaleraturiko informazioak ez du zehazten non kokatuko duten.

Egunkariak DEA AEBetako Drogen Aurkako Agentziako nazioarteko jardueren arduradun ohi Mike Vigil aipatzen du, orain arte horrelako akordio bat gauzatzea ezinezkoa zela azaltzeko, «Felipe Calderon oso kezkatua zegoen AEBen esku-hartzearen aurrean Mexikon egon zitekeen erantzunarekin».

«Mexikoko Konstituzioak atzerriko militarrak edo poliziak Mexikon aritzea debekatzen du, salbuespen eskas batzuetan ez bada», gogorarazten du «The New York Times» egunkariak.

Akordioa hau sinatu aurretik narkotrafikatzaileek AEBetako Immigrazio saileko agente bat hil zuten eta gertaerak zalaparta handia sortu zuen.

amesgaiztoa

Narkotrafikoa dela-eta mexikarrek pairatzen duten indarkeria amesgaiztoa dela esan zion Felipe Calderonek Barack Obamari joan den martxoaren 3an izan zuten bileran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo