«Piano bat bertsotan» egitasmoa Azpeitian amaituko da gaur
Azpeitian egin zuen lehen saioa «Piano bat bertsotan» egitasmoak. Bost urte eta 70 emanaldi ingururen ostean, bertara itzuliko dira Jagoba Astiazaran, Ainhoa Ansa eta Beñat Gaztelumendi, inprobisazioa oinarri duen familia giroko azken saioa eskaintzera.Ane ARRUTI | BILBO
Inprobisazioan oinarritutako ikuskizuna da «Piano bat bertsotan». Publikoak aukeratzen du zein kantu entzun nahi duen eta musikariak momentuan egokitzen dira eskarira. «Familia giroan, erronka moduan hasi zen dena duela bost urte», gogoratu du Jagoba Astiazaran zestoarrak. Piano-jotzaile honi Ainhoa Ansa aranoarra batu zitzaion gitarra eta ahotsekin laguntzera eta, geroztik, 50 herri ingurutan 70 bat emanaldi eskaini dituzte. Gaur izango da azkenengoa Azpeitiko San Agustinen (22.30).
Bertso saioen gisan, entzuleek ematen diete gaia, papertxo batean idazten dute entzun nahi duten kantua eta musikariek, baldin badakite behintzat, jo eta kantatu egiten dute. «Hor egoten da saltsa, gu harrapatzean, gu kantuekin larri ikustean», dio Astiazaranek. «Kantua ezagutzen ez dugunean ahal bezala ateratzen gara estualditik, baina Ainhoa `euskal kantuen entziklopedia' bat da eta elkarri lagunduz moldatzen gara».
Azken bi urteetan, gainera, Beñat Gaztelumendi bertsolaria batu zaie desafio honetara. Publikoak bi aukera ditu: kantua proposatu eta añorgarrari gaia idatzi. «Hiru urteren ostean zerbait ezberdina eskaini nahi genuen eta dema moduan planteatu genuen, bertsolariak eta musikariak, nor baino nor».
Pantaila handi bat ere jarriko dute eskatutako kantuaren letrak izanez gero, guztiek kantatu ahal izateko. Eta lagun giroan hasi zena lagun giroan amaitzeko, «kafea eta pastak gure kontu», ziurtatu dute.