Osasun zerbitzuak herritarren eskubide dira
Ez da zurrumurru hutsa. Osakidetza eta Osasunbideko langileek zein erabiltzaileek ondo dakitenez, nabarmenak dira, lan eta osasun eskubideei dagokienez, izandako murrizketak. Ez da zurrumurrua, baina ezta langileen eta erabiltzaileen irudipen hutsa ere. Atzo LAB sindikatuak jakinarazi zuenez, Madrilgo Komunitateko osasun zerbitzuen barne agiri batek murrizketa larriak -esate baterako, oinarrizko hainbat prestazio kentzea- proposatzen ditu, eta gaixoek tratamenduaren parte bat ordaintzea. Gomendio horien jatorria Osasun Sistemaren Lurralde arteko Kontseilua denez, Hego Euskal Herriko osasun zerbitzuetarako ere balio dutela uste izatekoa da, eta Nafarroako presidente Miguel Sanzek zentzu bereko iradokizunak egin izan ditu dagoeneko.
Osasun zerbitzuen arduradunek, eta oro har administrazioen arduradunek, modu bitxian ulertzen dute «zerbitzu publiko» kontzeptua. Izan ere, zerbitzu horiek euren jabegoa balira bezala jokatzen dute, ez dagozkien erabakiak -erabaki larriak gainera- hartuz. Eta herritarrek oso argi izan behar dute zerbitzu publikoak ez direla inoren limosna ez mesedea, denen eskubidea baizik, denek ordaintzen dituzten zerbitzuak. Horrenbestez, inork ez dizkie zertan murriztu edo haien kostuaren parte bat ordainarazi, are gutxiago diru publikoa erabiliz bakan batzuk mesedetuko dituzten proiektuak gauzatzeko.