GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Kepa Alberdi Egaña «Maxixatzen» Azkoitiko herri aldizkariaren kolaboratzailea

Bakea ate-joka ari da

Berri onen gose gara eta itxaropena ezin dugu giltzatu. Txikiak, baina bagara eta, munduko beste edozein naziok bezala, geure instituzio propioak sortu eta garatzeko eskubidea dugu

Poza baino ez zidan eragin. Hainbeste denboran trintxeretan egon ondoren, aurrerapauso ikusgarria ematera ausartu da ezker abertzalea. Errealitateari aurre egiteko ausardia behar da eta horra non arazoei aurrez aurre begiratuz, hauek izendatuz eta bide batez norberaren akatsak onartuz, zubi berriak eraikitzen hasi den, ilusioa transmitituz eta konplizitateak landuz. Hor borondate oneko keinua, hor enbidoa. Ezker abertzalea errealitate sozial bat da eta bere egitasmoak defendatzeko leku bat besterik ez du eskatzen.

Estatuko agintarien flotazio-marran osorik asmatu da jaurtitako torpedoarekin. Indarkeriaren diskurtso errazak joko asko eman die politika hauteskundeei begira soilik ulertzen duten alderdi horiei, baina hau guztia amaitu da. Guztiok dakigu zauri ugari eta mina nonahi, asko dugula guztiok ere elkarri leporatzeko, orain arte bakoitzak bere aldeko minarentzat bakarrik izan baititugu begiak. Errespetuz, alde bakoitzak, bestearen sufrimenduaz hausnartu eta borroka molde mingarriak betirako baztertu behar ditu. Behingoz komunikabideei titular on bat eman behar diegu.

Orain arte instituzionalki alderdi bakarra jabetu da sufrimenduaren esklusibitateaz, dialektika faltsuak erabiliz, errepresioaren akuilua behin eta berriro astinduz eta horrekin gatazka betikotuz. Isildu nahi dituzten ahotsak gara, ez dira hitza ematen ausartzen eta ikusle bezala bakarrik nahi gaituzte. Maila emateko utzikeria eta nagikeria duten hauek uholdeari atakak ipintzen jarraituko dute, indarrez eraikitako estatua indarrez mantentzen, goitik beren printzipio hegemonikoa inposatzen, baina alferrik, honek ez du lortu arteko etenik izango. Jakin, berez, badakite gurean eskubide asko urratzen direla demokraziaren izenean, herri baten existentzia eta eskumen elementalenak gaitzetsi eta gutxiesten dituztela behin eta berriro, eskubide estatuan bizi garela dioten bitartean. Noiz ulertu behar dute bakea ez dela indarkeria eza bakarrik, ezta errendizioaren sinonimoa ere? Justizian oinarritutako bakea, indarkeria adierazpen guztiak suntsituz bakarrik etorriko da... guztiak. Bien bitartean, berriro ere, Madrileko eta Jaurlaritzako «demócratas de toda la vida» hauek, berba eta erretolika berriekin, bake bidean abiatu den bitartekaria zigortzera doaz, eszenatoki berriari izua baitiote. Indarkeriaren inguruko hipokrisiaren itsutasun eta mututasunak alde batera baztertu eta behingoz utz diezaiotela tolerantziaz mozorroturiko gerra jarraitzeari eta bide antzuak jorratzeari. Beraien Espainia horretan ideia guztiak defendagarriak direla eta indarkeriak nazka ematen duela esaten duten bitartean, Euskal Herria duten indarrik makurrenarekin ukatzen saiatzen ari dira mendeetan zehar.

Baina ez dute lortuko gure askatasun nahia desegitea. Historiak aurrera jarraitzen du eta gu ezin gintezke atzean gera. Iraganeko oroitzapenak eta zauri minak ahaztu gabe duintasunari pauso eraginkorrak ematea zor diogu eta iritsi da horretarako ordua. Ausartak eta eraginkorrak izan behar dugu, etsipenari lekurik utzi gabe. Alderdi interesak alde batera utzi eta behingoz, abertzale guztiok bat hartuta, herriari begira jar gaitezen. «Hasiera onak anitz balio du» dio euskal esaera batek eta, errealitatea anitza eta konplexua izan arren, agorturiko planteamenduak baztertu eta urrats bat harago joan behar dugu, abertzaleak elkartuko gaituen proposamen gehiago landuz. Arrazoiz beteta gaude eta herri ttipia izan arren, potentziala izugarria dugu. Elkar ulertzera behartuta gaude, benetan gure herriari lekua egin nahi badiogu beste herrien artean. Herri honek bere burua antolatzeko eskubidea du eta pelikula honen gidoia euskaldun guztion artean idatzi behar dugu, kanpoko inolako interferentziarik gabe.

Bien bitartean, berri onen gose gara eta itxaropena ezin dugu giltzatu. Gure tribu txikia ezer asko ez izan arren, euskaldun izatearen errugabetasuna defendatu behar dugu. Txikiak, baina bagara eta, munduko beste edozein naziok bezala, geure instituzio propioak sortu eta garatzeko eskubidea dugu. Joxemiel Barandiaran ospetsuak ere honela zioen: «Euskal Herria lore txiki bat bada ere, kolore politak ditu, ez al du merezi toki bat eguzkipean?». Beti dago aukera azken unera arte. Suak pizturik dirau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo