«Ziur naiz Ipar Baionak ezkerrekoa izaten jarraituko duela»
Igandean izanen diren Kontseilu Nagusirako kantonamenduko hauteskundeetan Front de Gauche koalizioko hautagaia da Marie-Josee Espiaube. Alderdi Komunistako kide da Bokaleko auzapeza, eta, Partie de Gauche eta Gauche Unitaire alderdiekin osatzen dute koalizioa. Bokale herriak eta Baiona iparraldeko auzoek osatzen dute kantonamendua.
Ainize BUTRON
Hamaika hautagai lehiatuko dira igandean Ipar Baionako kontseilari aulkia erdiesteko. Horrenbestez, hautagai gehien dituen kantonamendua da. Aniztasun horren aitzinean, Marie-Josee Espiaubek gauza bakarra du argi: ezkerraren esku geratuko dela. Front de Gauchek irabaz dezakeen kantonamendu bakarrenetarikoa da, izan ere. Espiaubek inguru horri dagozkion erronkak aipatzeaz gain, gaurkotasuneko gaiak diren lurralde erreforma eta euroagindua izan zituen hizpide.
Zeintzuk dira, zure irudiko, Ipar Baionako kantonamenduan diren erronka nagusiak?
Egunero, auzapez gisa, herritarrekin ditudan hitzorduetan agertzen diren galderak dira, nire irudiko, erronkak. Enpleguaren aldetik, lanpostua galdu eta prekarietatearen mehatxupean diren langileak sostengatzea, lan kodea babestea, eta merkatu publiko guztietan gizarte arloko eta ingurumen arloko klausula bat exijitzea beharrezkoa da. Etxebizitza sailean, departamendu mailako Etxebizitza Planaren barruan etxebizitza sozialak garatzeko baliabide gehiago izan daitezen bultzatu, eta, etxebizitza, osasungintza eta energia prekarioaren aurka borrokatu behar da. Eta, azkenik, osasun arloan prebentzioa sustatzea, erietxeak mantentzea eta zahar-etxe gehiago eraikiz helduen autonomia indartzea dira, nire ustez, helburu nagusiak. Horiekin, ingurumenaren babesa eta garraio garbiak sustatu, eta, bereziki ezberdintasunak eta diskriminazioak salatu behar dira. Gaur egun dagoen egoeraren aitzinean askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna printzipioak handizki aldarrikatzea ezinbestekoa iruditzen zait. Herritarrek bizi kalitatea hobetzea nahi dute, eta horren eramaile naiz.
Hiru urteren buruan gauzatuko den lurralde erreformari begira, nola ikusten duzu Kontseilu Nagusiaren etorkizuna?
Alde batetik, erreforma horrek hautetsi askok lekua galtzea ondorioztatuko du, eta hori benetan penagarria da lan asko egiteko baitago. Hautetsien erdia desagertuko da. Erreforma horrekin hautetsiek herritarrekin daukaten hurbiltasun hori hautsi nahi da. Boterearen erabaki guneak herritarrengandik urrunduko dira. Finean, atzeranzko urratsak ematea ekarriko du erreformak, eta, botere erabakiguneak herritarrengandik oraindik urrunago izatea. Kontseilu Nagusiaren lana herritarrengandik hurbil dago, eta, hori galduko dugu.
Ipar Euskal Herrian Garapen Kontseilua bezalako egitura berezia dago. Egitura horrek jarraitu behar duela uste duzu edota geroari begira beste instituzio mota bat sortu behar dela iruditzen zaizu?
Erran dudan bezala, herritarrak gero eta hurbilago izateko eta beraiekin lan egiteko aukera handiagoa izanen dugu. Badago Ipar Euskal Herria alde batetik, Bearnoa bestetik; bakoitzak bere ezberdintasunak baditu, beraz, garrantzitsua iruditzen zait boterea departamenduan eta bereziki lurraldeko bazter bakoitzean atxikitzea. Ez ditugu arazo berak kostaldean eta Bearnoa barnealdean.
Hamaika hautagaiko kopurua kontuan hartuta, martxoaren 27ko bigarren itzulian izanen zarela uste duzu?
Jakin behar da kantonamendu hau aspalditik ezkerraren esku dagoela. Luzaz Alderdi Komunistakoa izan da kontseilaria. Garai labur batean eskuinak aulkia hartu bazuen ere, ondotik, Alderdi Komunista eta, gaur egun sozialistak izan ditu buru. Beraz, Nicolas Sarkozyk daraman politika ikusiz, ziur nago kantonamendua ezkerraren esku geratuko dela. Herritarrek politika aldaketa bat nahi dutela sumatzen da, eta ezkerreko alderdiei dei argia egiten diete benetako ezkerra osatu dezaten.
Christophe Martin egungo kontseilari eta Alderdi Sozialistako kideak gehiengoa lortuko balu...
Gure kantonamendua oso begiratua da, Front de Gauche koalizioak irabaz dezakeen bakarrenetarikoa delako. Halere, hori gertatuko balitz, igandeko bozen biharamunean nire alderdikideekin gogoetatuz hartuko nuke erabakia.
Azkenaldian albiste nagusi bihurtu da euroagindua. Zein iritzi duzu horren inguruan?
Estatu frantses mailan euroaginduaren lege horren aurka bozkatu dugun alderdi bakarra da gurea, Alderdi Komunista. Horretaz gain, Aurore Martini gertatzen zitzaiona salatzeko herriko kontseiluan mozio bat aurkeztu eta bozkatu genuen. Pentsaezina da gaur egun bezala funtzionatzea.