GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Vila-realen aurkako partida prestatzen

Laugarrena begi bistatik urrun dago

Vila-realengandik bederatzi puntura dago Athletic, Txapeldunen Liga jokatzeko postuetatik «oso urrun», Orbaizen iritziz. Iraolaren ustez, aurkariaren bertute nagusia «jokalarien mugikortasun handia» da.

p035_f03.jpg

Arnaitz GORRITI

Partida oso erakargarria jokatuko dute igandean San Mamesen Athleticek eta Vila-realek. Azken batean, Ligako laugarrena -Levanteko taldea- eta seigarrena -zuri-gorriak- neurtuko dira; hots, Txapeldunen Ligako eta Europa League-eko postuetan bete-betean sartuta dauden bi talde. Helburua neurketan gailentzea da, baina aurrera egingo badu, talde zuri-gorriak erronka polita dauka Vila-realekiko: zergatik ez laugarren postu horrekin amets egin, datorren denboraldian Txapeldunen Ligan aritu ahal izateko?

Lehiakorra eta handinahia izatea ezaugarri onak dira kirol profesionalean, eta amets egitea debalde da oraindik. Hala ere, Athletic-eko jokalariek oinak lurrari iltzatuta dituzte, antza denez. Izan ere, uneotan, 51 punturekin, talde bilbotarrak baino bederatzi puntu gehiago dauzka Vila-realek; hau da, laugarren postua begi bistatik ia galduta dute Joaquin Caparrosen mutilek. Ondorioz, Pablo Orbaizen aburuz, hobe da Europa Leagueko helburua bermatzearren lanari gogotik ekitea, bestelako ametsetan denbora galtzea baino.

«Vila-realek guk baino bederatzi puntu gehiago pilatu baditu, orain arte guk baino lan hobea egin duen seinale da. Hauek harrapatzea oso zaila dela deritzot, are gehiago beraiek baino egutegi zailagoari aurre egin behar diogula ikusten badugu», adierazi zuen erdilari nafarrak entrenamendu saioaren ostean.

Orbaizen ustez, etxetik kanpo «San Mamesen bezain indartsu» azaldu ez izanak, eta bigarren itzulian «Reala, Real Madril edo Malaga» bezalako aurkarien bisitak «ia ezinezko» egiten omen du bizkaitarren bidea datorren denboraldian Txapeldunen Liga jokatzeko.

«Etsipenetik» ihesi

Hala ere, sailkapenean Athletic dagoen lekuan ederki asko dagoela iruditzen zaio Orbaizi. Are gehiago, iruindarraren ustez, «porrota agian ez, baina etsigarria izango litzateke, urte osoa datorren denboraldian Europan aritzeko lanean ekin eta azkenean kanpoan geratuko bagina».

Zuri-gorrien atzetik Atletico eta Sevilla taldeak datoz zazpigarren eta zortzigarren postuetan, hurrenez hurren. Biek ere 39 puntu dituzte, Athleticek baino hiru gutxiago. Reala eta Getafe leudeke bederatzigarren eta hamargarren postuetan, bizkaitarrak baino zazpi puntu gutxiagorekin.

«Orain arte egin dugunaz harro sentitzeko moduan gaude, gure ekinari eta lanari esker gaudelako seigarren postuan. Orduan, etsigarria litzateke orain gauden lekuan egonda, kanpoan geratuko bagina», nabarmendu zuen erdilariak.

Vila-reali dagokionez, nahiz eta atzo arratsaldean Europa League-ri dagokion partida jokatu Bayer Leverkusen taldearen aurka, «nekerik ez dutela nabarituko» iritzi zion Orbaizek. «Astean bi partida jokatzera ohituta dagoen taldea da Vila-real eta, beraz, igandean San Mamesen ehu neko ehunean egongo direlakoan nago», esan zuen.

«Mugikortasun» handia

Andoni Iraolak ere loreak izan zituen Athleticen hurrengo aurkariarentzat. Usurbildarraren iritziz, Vila-realeko jokalarien «mugikortasun handia» da beren bertute nagusia.

«Jokalari oso mugikorrak ditu talde honek. Esaterako, hegalekoek erdirantz egin ohi dute asko, baina aurrelariek ere hegaletarantz jotzen dute. Ez da erraza izaten halako talde bati behar bezalako markaketa egin ahal izatea», adierazi zuen.

Horrez gain, Vila-reali «baloia hanketan izatea» asko gustatzen zaiola nabarmendu zuen Usurbilgo eskuineko hegalekoak. «Urte asko daramatzate jokatzeko modu berberarekin eta ezagun da jokamolde hori ongi bereganatu dutela».

Atzelari gipuzkoarrari ere galdetu zioten laugarren postua eskuratzeko moduan ikusten ote zuen Athletic, eta Iraolak ere, Orbaizen antzera, oinak lurrean mantendu gura izan zituen. «Helburu hori lortzeko guk gure lana oso-oso ongi egin beharko genuke eta beraiek, aldiz, orain arte baino okerrago. Bestalde, helburu hori mantendu ahal izateko, igandean irabazi egin behar diegu. Egia da, gainera, azken urteotan asko kosta izan zaigula Vila-reali irabaztea, baina ezinezkoa ere ez da, eta jokoan zer dugun ikusita, oso partida garrantzitsua izango da», amaitu zuen Iraolak.

Atzoko entrenamenduak ez zuen berrikuntza handirik utzi, nahiz eta bat baino gehiago larritu, Llorente kideak baino arinago joan zelako aldageletara. Beste behin, Caparrosek balizko titularren artean Xabi Castillo jarri zuen Koikiliren ordez eta, taldekideengandik aparte, Toquerok baloiarekin zenbait ariketa egin ahal izan zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo