GARA > Idatzia > Kultura

Ehungintzaren atzean ezkutatzen den «alde iluna» agerian utziko du Pikor Teatrok

p045_f02_097x092.jpg

M. L. | DONOSTIA

Pikor Teatro konpainiak Setem-Hego Haizea gobernuz kanpoko erakundearekin batera prestatu duen antzezlana da «XL Town», eta Mendebaldeko hiritarren gehiengoak bizi dugun kontsumismoaren inguruko parodia bat da. Gainera, publizitate kanpainen atzealdean eta moda eta kirol marken glamourrez betetako itxuraren atzealdean dagoen «alde iluna» azaleratzen du.

Antzezlanak lau agerraldi ditu. Lehenengoan makillatzaileen egoera azaltzen da, zapatila batean agertuko den mezu baten ondorioz. Bigarrenean enpresetako managerrek bertako langileekiko duten jokamoldea erakusten da, ez baita beti egokiena. Hirugarrenean, kontsumitzaile konpultsibo batzuen desfilea agertuko da umorez betetako musikal moduan. Eta azkenik, publizitate kanpainei buruz hitz egingo dute, horiek saltzen duten estatusari buruz, alegia.

«Arropa garbia»

Proiektua orain bizpahiru urte sortu zuen Setem-Hego Haizea erakundeak «Arropa garbia» izeneko sentsibilizazio-kanpainaren barruko ekimen bezala. Izan ere, erakundearen Gipuzkoako ordezkari Edurne Pujanak atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, halako ekimenak baitira emaitza onenak sortzen dituztenak.

Miguel Olmeda konpainiako zuzendariak azaldu zuenez, antzezlana panfleto itxuratik ahalik eta urrunen egotea nahi zuten eta, hori dela-eta, umorea erabili zuten mezua eraikitzeko orduan, ez baitzuten ikuslea errudun sentiarazterik nahi. «Ikuskizun atsegin bat egin nahi izan dugu», esan zuen Olmedak.

Gaur eta bihar izango dira Gazteszena aretoan arratsaldeko zortzietan, euskarazko emanaldietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo