«Aurtengo denboraldian egindakoa plazer handiz ikusten dut»
Ordizia errubi taldeko entrenatzailea
Ordizia taldea txapela kentzeko moduko denboraldia egiten ari da aurten. Ligan bigarren geratu dira, garaipena lortzetik puntu bakar batera, eta orain Kopa dator. Lehenbiziko kanporaketan libre geratu dira, eta final-laurdenetan hasiko dira jokatzen. Herria ere zoratzen dago, 1.000 ikusletik gora joango dira Altamirara, eta denak batuta urte gogoangarria izaten ari da Axio Arañarentzat.
Jon LEUNDA
Axio Araña, Ordizia errugbi taldeko entrenatzailea, gizon zoriontsua da. Bizitza osoa darama Ordizia errugbi taldean. Lehenengo, jokalari bezala, eta azken hamasei urteetan, entrenatzaile lanetan.
Zer nolako oroitzapenak utzi dizkizu aurtengo Ligak?
Oso gozoak. Plazer handiz bizi izan ditut. Denboraldi bikaina izan da; pena, azken-aurreko partidan Valladoliden gertatu zena, baina gero azkeneko jardunaldian ere txapeldunari irabazi genion eta puntu bakar batera geratu gara. Oso denboraldi ona eta polita izan da.
Liga esku-eskuan izan ostean, ez irabazteak ez al du amorru apur bat ematen?
Amorrua baino gehiago inpotentzia. Valladoliden ez ginen gu. Jende asko joan zen herritik, eta Liga irabaztetik oso gertu ikusteak presioa sartu zigun. Hasieratik konturatu ginen ez zela gure eguna. Saiatu ginen eta nahi genuen, baina ezin. Kirolean horrelakoak ohikoak izaten dira.
Zer aldatu da iaztik aurtengo denboraldira?
Aldatu, gauza gutxi. Iazko taldearen oinarria izan da, eta horren arabera egin dugu lan. Gero uste dut taldean ditugun zazpi jokalari profesionalek lan bikaina egin dutela, eta taldeak berak ere sinetsi egin duela bere ahalmenean, eta hasieratik emaitzak onak zirenez, hor sartu gara. Denboraldi hasieran bagenuen itxaropenik, eta azkenean ia Liga irabazi dugu.
Jokalari profesionalen ondoan, gainerakoen lana ere azpimarragarria izan da, ezta?
Dudarik gabe. Gainera, denboraldian zehar askotan ez dira zazpiak aritu, arazo batzuk medio. Ligako azkeneko partidan bost bakarrik aritu ziren. Gainerakoen lana ere sekulakoa izan da, maila handia eman dute, eta jokalari handiak direla argi eta garbi utzi dute. Hauek entrenatzea plazer handia da.
Eta beste bi euskal taldeak?
Gernikak sekulako denboraldia egin du. Bigarren urtea du Ohorezko Mailan, eta laugarren geratu dira eta ia hirugarren postua ere eskuratu dute. Nik uste dut datorren denboraldirako oso kontuan hartu beharko dela. Bera Bera, berriz, gaizki. Denboraldi erdian inork ez genuen uste jaitsiko zirenik, baina gure aurka jokatu zutenean nahikoa etsita ikusi genituen, eta azkenean jaitsi dira. Hiru urte daramatzate hor zuloan sartuta, eta hori ez da kasualitatea. Hor garbi ikusten da gauzak ez dituztela ongi egin, ez dakit zertan egin duten huts, baina zerbaitetan bai. Ea berehala igotzen diren.
Liga nola ikusi duzu?
Nik hazten ari dela ikusten dut, urtetik urtera maila gero eta hobea da. Etortzen diren atzerritarrak ere gero eta hobeak dira. Lehen asko eta asko argentinarrak ziren, eta orain Ingalaterratik, Zeelanda Berritik edo Australiatik ere mordoa dator. Kirol hau orokorrean gero eta indar handiagoa hartzen ari dela ikusten dut, eta Liga ere indartzen ari dela oso nabaria da.
Aurten egin duzuen denboraldia eginda, ez al dira talde dirudunak zuen jokalarien bila etorriko?
Ez dut uste. Jokalariekin hitz egin dugu, eta gehienek jarraitzeko asmoa agertu dute. Beraz, datorren denboraldirako ere oinarria bera izango da, eta horren arabera egingo dugu taldea, berriro ere ahalik eta gorenen ibiltzeko. Lehen aipatu bezala, gozatu egiten dut ditudan jokalariak entrenatzen, urte bikaina izan da.
Orain Kopa hasiko da. Nola dator lehiaketa hau zuentzat?
Kopak ilusioa egiten digu, baina ez Kopa antolatuta dagoen bezala. Kanporaketa batera jokatzen da, eta lehen kanporaketa gainditzen baldin badugu, Getxoren eta Cajasolen aurkako irabazlearen aurka jokatuko dugu. Begira, Cajasolek irabazten badu, ia 7.000 euro gastatu behar ditugu bidaian, eta partida batean dena erabakitzeko. Hori bai, hori gainditzen baldin badugu, gero finalerdiak etxean jokatuko ditugu, eta gauzak alda daitezke.
Getxoren eta Cajasolen aurkako irabazlearen kontra jokatuko dituzue final-laurdenak.
Nik Cajasol ikusten dut faborito. Kanporaketa serio hartzen badute, Getxok oso zaila izango du haiek kanporatzea. Oraindik Ohorezko Mailaren eta Ohorezko B Mailaren artean alde bat badago, eta niretzat sevillarrak faborito garbiak dira, nahiz eta guretzat askoz hobea den Getxok irabaztea; euskal talde bat delako, gero bidaia etxetik gertu izango genuelako, bai eta gure zale asko izango liratekeelako, baina ez dut Getxorentzat kanporaketa erraza ikusten.
Lehen kanporaketa jokatu beharrik ez duzue izan. Hori mesederako izan al da?
Kanpotik begiratuta horrela ematen du. Jokatu gabe hurrengo fasean sartu gara, baina nik ez dut horrela ikusten. Azken batean, bi asteburu pasako ditugu jokatu gabe, eta horrek esan nahi du entrenamenduetako tentsioa galdu egiten dela, eta are gehiago Liga amaitu dela kontuan izanda eta amaiera hori nolakoa izan den ikusita. Nik nahiago nukeen asteburu honetan ere jokatu izan bagenu, baina horrela antolatuta dago kontua, eta horrela hartu beharko dugu.
Altamiran mila ikusletik gora biltzen dira jokatzen duzuen bakoitzean. Ez al da handia?
Ikaragarria. Jendea oso gustura dago gurekin, eta gu haiekin ere bai. Aurten, gainera, jende berria ere etorri da, eta uste dut gustura joan direla. Uste dut indar hori taldeak berak ematen diela, ikusten dute zer ematen duten jokalariek, eta zaleak zelaira joatera bultzatzen ditu.
Gaur egun, goi mailako kirolean ez da erraza entrenatzaile batek talde berean hamasei urte pasatzea. Zein da horrenbeste denbora irauteko sekretua?
Lana. Bizitza osoa daramat Ordizian. Lehenengo jokalari bezala, eta orain entrenatzaile bezala. Ordizian lan egitea erraza da, oso jende jatorra dago, eta plazer handia da hemen lanean aritzea. Jokalariak, zuzendariak, gainerako teknikariak, denen artean familia handi bat osatzen dugu, eta hemen oso gustura ari naiz lanean.