GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA literatura / saiakera

«Lotsai: Ilunpetik argira»

p047_f01_36x52.jpg

Ainara MAIA

Nik ez dut oraindik neure buruaz beste egin. Ez nuen egin 2008ko uztailaren 17 hartan Biurartean, itsasoari begira, aita zenaren azken hitzak oroitu nituelako: `ainarita, izan zoriontsu!' Eta geroztik, hiru urteko negu luze eta hotz honetan hiru olerki-liburu idatzi ditut lotsati negar irribarretsuz».

Lotsatik bere buruaz beste egin omen zuen 1936an olerki-liburu bat argitaratzeko prestatzen ari zelarik, artean oso gazte zela. Hori kontatzen digu bederen Alvaro Rabellik, orain arte ezezagun zitzaigun gerraurreko olerkari gazte eta sentibera honen olerkigintzari buruzko saiakeran. Bere buruaz beste egin zuen, eta ni ez naiz nor ekintza hori epaitzeko, errespetatzen dut, hark bezala ongi baitakit zer den munduan gehien maite duzuna beste batekin ezkontzea, edo hiltzea, eta gehiago ez ikustea. Ausardia handia behar da, eta ideiak oso argi izatea gainera, noiz hil nahi duen batek erabakitzea. Ez dugulako inork erabakitzen noiz munduratu, beharbada horregatik utzi behar zaio gurea ez den bizitzari ere noiz desmunduratu nahi duen erabakitzea? Ez dakit nik ezer.

Dakidana da, edo bederen sentitzen dut Gurutz Sarasolaren olerkiak irakurrita, harenganako lotura aske bat. Alde batetik, bere lotsati goitizenarekin bat egiten du «hizki mutu» honek, eta bestetik, bere bizitza laburrak adierazi dit neure bihotzak oraindik mindurik segitzen duela, maitatzen segi arren.

Lotsati joan zen mundutik, baina bere olerki hunkigarri hauek orain argitaratu zaizkit, eta zizt egin bihotzean, eta oroitarazi benetan «maitatu ezin badut maitea, ametsetan maitatuko dudala, begiak itxita harekin egonen bainaiz hizketan, zeruan bezala».

Gerraurreko gazte sentibera eta barnerakoi honen olerkien azterketa sakona egiten digu Rabellik, eta ni sakonki hunkitu naute haren olerkiek.

Amodiora iritsi nahi eta ezina, eta ezin horretatik, minetik atera zitzaizkion hitzok eta garaiko aldizkarietan argitaratu. Bihotza ahul sentitzen zuelako egin ote zuen bere buruaz beste? Ezin izan ote zuen adorez jokatu amodioan eta horregatik adorez hartu ote zuen hiltzeko erabakia? Lotsatik berak ez zekien zer gertatzen zitzaion segur, baina gaixo sentitzen zuen gorputza, eta arima are ahulago.

Betiko isildu zen gazte zelarik liburutan olerkirik argitaratu gabe. «Euskeriari» buruzko negar itxaropentsua zuela bihotzean idatzi zituen olerkiok, eta fede osoz emana zegoen horretara. Batez ere maitasunaz mintzo zaigu, bere maitemina kontsolatu asmoz, ene uste apalean.

Bizitza eta maitasuna, eta ikaragarrizko ezetzaren beldurra ageri dira bere olerkiotan. Maitasuna eta heriotza agertzen dira hitz poetikoetan, eta «ilargiagaz» hizketan topatu dut bart, ni ere hartara nindoala. Bere barrenean maitasuna besterik ez zegoela eta begietan maitearen irudia zuela joan zitzaigun AGUR batez. Eta nere bihotzera etorri betiko isilik.

Erabaki dut neure olerki-liburua argitaratzean, neure burua entregatuko dudala (xorinokantharia @hotmail.com).

Fitxa

Títulua: `Ilunpetik argira olerkiak (1935-1936)».

Egilea: Gurutz Sarasola Martinez «Lotsati» / Alvaro Rabelli.

Argitaletxea: Alberdania, 2011.

Orrialdeak: 117.

Salneurria: 14.

Fitxa

Títulua: `Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako».

Egilea: Joseba Sarrionandia.

Irudiak: Lierni Altube.

Argitaletxea: Xangorin, Donostia, 2010.

Orrialdeak: 176.

Salneurria: 21,85.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo