KRITIKA literatura / haur eta gazte literatura
ĢIdazlea zeu zara, irakurtzen duzulakoģ
Xabier ETXANIZ ERLE
Iazko sorpresen artean Joseba Sarrionandiaren liburu hau dugu. Orain arteko lanez aparte, beste estilo, tonu eta formatu batean eginiko lana daukagu eta horregatik bakarrik bitxia da liburu hau, baina baita argitalpena ere, literatura lanetan ohikoa ez den argitaletxe baten eskutik etorri delako. Xangorin etxeak (“Hik hasi” aldizkariaren eta taldearen lanagatik ezaguna dena) plazaratu du Sarrionandiaren lan hau, eta argitalpena txukuna eta zaindua izanik ere (aipatzekoak dira Lierni Altuberen irudiak koloretan edo azal gogorrez eginiko koadernaketa, esaterako), susmoa dut ez ote zuen ibilbide luzeagorik izango lan honek bilduma baten barruan emanda. Baina Xangorinekoek, bestalde, liburuaz aparte, beren web orrian lan honen inguruko proposamen didaktikoa egin dute. Gu, proposamen hori kontuan izan gabe, “Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako” lan honen azterketa literarioa egiten saiatuko gara lerrootan.
Joseba Sarrionandiak, aurretik helduentzat hain arrakastatsuak izan ziren “Ni ez naiz hemengoa” edo “Ez gara geure baitakoak” liburuetan bezala, oraingo honetan ere testu labur ugariz osaturiko produktua eskaintzen digu. Ipuinak, gogoetak, jolasak, ateraldiak eta antzeko 150 bat narrazio laburrek osatzen dute liburua. Estilo, gai eta egitura aldetik ere oso ezberdinak dira. Badira, liburuko lehena kasu, «’Ipuin bat kontatuko dizut’, esan zidan aitak. Eta berehala konturatu nintzen egia zela, gezur bat kontatzen hasi zelako», hitz joko eta gogoeta txertatzen dituztenak; kontakizun klasikoetatik abiatuta hipertestu berri bat, kritikoa, harrigarria, eskaintzen digutenak (“Eta Penelope?” narrazioaren kasua, adibidez); ateraldi bitxien kontakizunak direnak (“Ikusten dena eta ez dena” edo ”Barkatu” kasu); euskal kulturaren berri (“Erretratua”), edo Ameriketako indiarrena (“Mendekuak”) ematen diguten narrazioak; eta abar.
Baina liburuko orrietan zehar ipuinak hor jarri dituenarekin batera eginiko ibilbide horretan, gu geu ere idazle bilakatuz, era askotako fruituak hartuko ditugu; mota askotako janariak eta edariak aurkituko ditugu, eta gozatu egingo dugu Sarrionandiak eskaintzen digun jolasarekin, janari karta zabal horrekin.
Liburu honek balio ugari ditu; idazlearen ekarpena oso handia izan da, istorioak kontatzeko gaitasun ikaragarria baitu, baina horrez gain, gaien ugaritasuna eta istorioek sorturiko gogoetak azpimarratu beharko genituzke. Ondo kontaturiko istorio, itxuraz arin baina izatez nahiko sakonak dira liburua osatzen dutenak (gorago aipaturikoa, liburuko lehena, horren adibide argia dugu); hala ere, testuen artean badira gorabehera nabarmenak hartzaileei dagokienez, batzuk nahiko infantilak izan badaitezke ere, gehienetan ezagutza gutxieneko bat behar da narrazioaz gozatzeko.
Edozein modutan ziur gaude Sarriren liburu honek ez duela Txekhovek proposatzen zuen amaiera izango: «‘Zer egingo dut istorio eta apunte hauekin?’, galdetu nion. ‘Argitaratu ala zaborretara bota?’. ‘Zuk argitaratu. Egingo dizute mesede hori…’, erantzun zidan Anton Txekhovek. ‘Irakurleek botako dituzte zaborretara’».