Etxeko langile eta atzerritar, prekarietate latza
Herenegun ezagutu zen iragan larunbatean Teofila F. O. hamargarren solairutik erorita hil zela Santurtzin. Garbiketa lanak egiten ari zen, Juncal enplegu agentzia pribatuak etxeko langile gisa kontratatua. Prekarietate gorrian eta, kasu gehiegitan, esklabismotzat har daitezkeen baldintzetan (orduka lan eginez, kotizatu gabe, lan eskubiderik gabe) lan egiten duen kolektiboa da etxeko langileena. Ez zaie Lan Arriskuen Prebentziorako Legea aplikatzen eta, beraz, legalki ezin dezakete lan istripurik izan. Eta izanez gero, ez dira legearen aurrean hala kontsideratzen. Gizarte Segurantzaren erregimen orokorretik kanpo, oraindik ere lan istripuengatik prestazio ekonomikorik jaso gabe, beren egoera onartezina da. Teofilaren heriotza, baina, ez zen gertakari bat izan. Arduradunak dituen esplotazio sistema legal batek hil du.
Eta kasua are mingarriagoa da, Teofila paraguaitarra bezala, etxeko langile asko atzerritarrak izatean. Enplegu agentziak baliatu egiten dira atzerritar askoren egoera «irregularraz», eta lotsagabeki, Atzerritartasun Legearen estalpean, esplotazioa areagotu egiten dute administrazioaren pasibotasuna profitatuz. Erabateko prekarietatean esklabismo berrituari ateak irekiz. Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak deitu duen mobilizazioak ez dezala etenik izan egoera lotsagarri horri amaiera eman arte. Eta izan dezala gainontzeko langileen aitortza eta inplikazioa.