GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jon Urrusolo LAB-Irakaskuntzako arduraduna

Inposizio fasetik erabakitze fasera: Celaa, «go home»!

Azken hauteskunde sindikaletako emaitzek garbi erakutsi digute irakaskuntzako langile gehienek aldaketak eskatzen dituztela. Orain, horretarako aukera ez ezik, beharra eta eginbeharra ere badugu

Isabel Celaa buru duen Hezkuntza Sailak hiru ildo hartu ditu erreferente gisa: eleaniztasuna, bizikidetza eta Eskola 2.0. Ildo hauek hezkuntza eragileekin partekatu gabe eta hezkuntza eragileen adostasunik gabe jarri dira abian. Horregatik, beharrezkoa da hauen gainean gogoeta egitea eta adostasunak bilatzea.

Eleaniztasunari dagokionez, Celaak lehendabizi argitu beharko luke zer diagnostikotan oinarritzen den egiten duen proposamena martxan jartzeko. Izan ere, hezkuntza eragileok bat egiten dugu aldarrikatzean eskoletatik ikasle euskaldun eleaniztunek atera behar dutela. Euskaldunak, euskara gure hizkuntza nazionala delako eta eleaniztunak, jabetzen garelako mundu global honetan hizkuntzek duten balioaz eta ezagutzaren transmisioan ingelesak duen estatusaz. Zentzu honetan, ingelesaren irakas-ikaskuntza prozesua hezkuntza arlotik at ere nola indartu aztertu beharko genuke, esaterako, pelikulak jatorrizko bertsioan eskainiz. Horretan, bada eredu eraginkorrik espainiar ereduaz gain, adibidez, Finlandian. Hizkuntzen ikaskuntzan orain dela hiru urte Euskararen Kontseiluak egindako proposamena adostasunerako abiapuntua izan daitekeelakoan gaude, hezkuntza eragile gehienok gure atxikimendua agertu baikenion.

Adostasun honi bizkarra emanda, Hezkuntza Sailak datorren ikasturterako deialdia egingo du aurki, ikastetxe gehiago sar dadin proiektuan, baina beste porrotik ezin dutenez jasan, deialdia atera baino lehenago ikastetxeak bultzatzen ari dira xantaiaren bidez: sartzen bazarete, beste irakasle bat izango duzue, edo frontoia estaliko dizuegu, edo zorrak kitatu. Guk ikastetxeei dei egiten diegu horrelako jokoetan ez sartzeko, eta orain arte sartu diren ikastetxeei hiru eleko eredutik ateratzeko eskatzen diegu.

Bizikidetza dela-eta, ikastetxeei egiten diegun planteamendua berdintsua da: planean ikastetxe gehiago ez sartzea, eta dagoeneko parte hartzen ari direnak ateratzea. Askotan esan dugu planteamendu hau inposizio eta doktrinamendu hutsa dela. Jendartean honen gainean adostasunik ez dagoen bitartean, eskoletara biktimarik ez. Dagoeneko ikastetxe batzuetan badira proposamen txukunak bizikidetza lantze aldera, langileen eta eskola komunitate osoaren prestakuntza kontuan hartzen dutenak, tutoretza eta orientazioa bultzatzen dituztenak, ikaslea aktiboa kontsideratzen dutenak... Baina orain artekoa, berriro diogu, inposizioan eta xantaian oinarritu da.

LABek Celaak bezain ongi daki prestakuntza-mintegian parte hartu duten hainbat ikastetxetan, eskola komunitateak ez duela ezagutzen horretan ari direnik. Zeren beldur, zeren truke hartu dute parte? Nola ari dira parte hartzen? Parte hartzen ari diren ikastetxeen zerrenda eta erabakia zein organok hartu duen argitu egin behar da. Celaak irekitako webgunean agertzen diren esteka interesgarrien artean Israelgo Gobernuarena dago. Bakearen hezkuntzan Israel eredua omen da Celaarentzat. «Bitxikeria» larria da hori.

Eskola 2.0-ari lotuta, ukaezina da teknologia berrien ezagupenak eta erabilpenak duten garrantzia. Baina programaren 2. ikasturte honetan, propagandaz haratago, ikastetxeetan gauzak ezer gutxi aldatu dira. Lezoko ikastetxeak wifi-rekin egin ordez sarera kablez konektatzea erabaki ondoren, Celaak aurretik emandako ordenagailuak kendu izanak erakusten digu sailburuak nolako jarrera duen ikastetxeen autonomiaren aurrean.

Hiru ildo nagusi horietan izandako jarreraz gain, salatu beharrekoa da langileon baldintzei dagokienez erakutsitako utzikeria ere. Utzikeria irakasle laboral eta hezitzaileen kolektiboarekin, ez baitu izan arazoak bideratzeko inolako borondaterik. Nagusikeria sukaldari eta garbitzaileekin, ez baitu betetzen indarrean dagoen lan hitzarmena. Eta harrokeria, aurreko udaberrian irakasle funtzionarioen akordioa gutxiengoan sinatzean adierazitakoa.

Isabel Celaari eta bere Gobernuari exijitzen diegu inposatuta hartutako erabakietan atzera egitea eta langile eta eskola komunitate osoari hitza ematea. Bide horretan, sailburuak bizikidetzaz, hiru eleko hezkuntzaz eta Eskola 2.0aren baitan orain arte egindakoaz eta aurrera begirako ibilbide orriaz informazioa eman behar du, eta langileekin eta hezkuntza eragileokin adostasunak bilatu. Mahai negoziatzaileak deitu behar ditu, eta urratsak eman eskoletan bestelako giroa sor dadin: ordezkapenak lehenengo egunetik bete eta hezkuntzako langileoi lapurtutako soldata zatia bueltatu.

Azken hauteskunde sindikaletako emaitzek garbi erakutsi digute irakaskuntzako langile gehienek aldaketak eskatzen dituztela. Orain, horretarako aukera ez ezik, beharra eta eginbeharra ere badugu. Langileok orain arteko inposizio fasetik erabakitze fasera igaro behar dugu. LABek hauteskunde sindikaletan lortutako emaitzak horren mesedetan jartzeko prestutasuna du. Aldaketak exijitzen ditugunok gehiengo garelako eta inposizioaren fasea gidatu duena erabakitzeko fasean soberan dagoelako, berriro diogu: etxera joan zaitezte, iros a casa, go home.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo