GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Herculesen aurkako neurketa prestatzen

Vadocz komodinak bere maila erakutsi nahi du hamaikakoan

Erdilari hungariarra, Nekounamen eta Sorianoren hutsuneak direla-eta, aulkia utzi eta hasieratik irten liteke bihar Rico Perezen, Herculesen aurkako partidan.

p037_f01_148x96.jpg

GARA | IRUÑEA

Entrenatzaile askok, denek ez esatearren, komodin bat izaten dute taldean; hau da, partidak aulkian ikusten dituen jokalari bat eta gehienetan lehen aldaketa izaten den horietakoa.

Jokalari horientzat egoera ez da guztiz ona izaten, taldekideek bezalaxe, egunero ehuneko ehuna ematen baitute entrenamenduetan, neurketa bakoitzean hasierako hamaikakoan egoteko. Osasunak, edo, hobeto esanda, Jose Luis Mendilibarrek, Vadoczengan utzi du erantzukizun hori. Hungariarrak bigarren zatietan izan du jokatzeko aukera denboraldi honetan, baina Herculesen aurkako neurketan baliteke hasieratik irtetea, Nekounam eta Soriano erdilariak zigortuta baitaude.

Gauzak horrela, Vadoczek honakoa aipatu zuen: «Estatistikek diotenez, jokatzeko aukera dut. Ez dut entrenatzailearekin hitz egin, baina ondo entrenatzen ari naiz eta nire aukeraren zain nago. Zelaian zein toki hartzen dudan berdin zait; garrantzitsuena taldeari laguntzeko zelai barruan egotea da. Ez naiz asko jokatzen ari. Horregatik, ondo entrenatzea eta nire aukera aprobetxatzea besterik ez zait geratzen».

Jokalari hauen rolak askotan eragin negatiboa izaten du euren gogo-aldartean. Vadocz ez da triste sentitzen, baina honakoa nabarmendu du: «Apur bat desengainatuta nago. Denok jokatu nahi dugu. Nire maila erakusteko gogotsu nago. Talde honetan tokia dudala uste dut eta inoiz ez dut ilusioa galduko».

Osasunari buruz, une onean dagoela adierazi zuen. «Honela jarraitzen badugu, azken partidetako intentsitate berarekin, gure etorkizuna argitu genezake. Ez badugu honela jarraitzen eta intentsitatea jaisten badugu, asko kostatuko zaigu».

Oier eta Sergio, prest

Aipatutako Nekounam eta Sorianoz gain, Mendilibarrek ezin izango ditu bihar Pandiani, Aranda eta Ruper lesionatuak baliatu. Kontrako aldean, berriz, Oierrek alta jaso zuen atzo bertan, sudurrean izandako haustura sendatu baitzaio.

Hala, entrenatzaile gorritxoak 19 jokalari ditu Alacantera joateko, Sergio Fernandez atzelari asturiarra berreskuratu baitu Racingen aurkakoan zigorra beteta.

Herculesi dagokionez, Tiago Gomesek jokatuko duen ala ez ez dago argi; eta Trezeguetek, Totek eta Peñak ez dute jokatuko. Bestalde, Esteban Vigo entrenatzaileak ez zuen argitu zein izango den hasierako hamaikakoa, baina Olivier Thomert lesionatuta dagoela eta Royston Drenthe ondo entrenatzen ari dela ikusita, azken honek aukera ederra izan lezake jokatzeko.

Holandarrak zeresan ugari eman du azken hilabeteetan. Taldeak jokalariei ordaintzeko arazoak zituela ikusita, entrenamenduetara astebete beranduago iritsi zen Drenthe. Hala, Vigok jokalaria zigortu egin zuen. Baina, taldeari «beste itxura bat» ematen diola azpimarratu zuen entrenatzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo