GARA > Idatzia > Euskal Herria

Olzomendiren eta Irigoienen aldeko manifestaldia izanen da Beskoitzen

GARA |

Urtea beteko da datorren martxoaren 30ean Lapurdin zortzi lagun atxilotu zituztenetik. Horietarik sei aske geratu baziren ere, Mattin Olzomendik eta Peio Irigoienek oraindik ere preso jarraitzen dutela salatu zuen atzo Askatasunak.

«Atxiloketa gertatu zenetik urtebete presondegian iragan dutelarik, haien aurkako kasuen instrukzioa itxi gabe dute epaileek, eta Mattinek zein Peiok preso segitzen dute, epaiketaren zain», nabarmendu zuten. Horrenbestez, oroitarazi zuten Mattin Olzomendiren eta Peio Irigoienen kartzelatzea «behin-behineko erregimenean burutu» zela. «Lege antiterroristen aplikazioa sei urtera luza daiteke, inolako epaiketarik izan gabe. Epe hori onartezina iruditzen zaigu», gehitu zuten.

Eneritz Zabaleta Beskoitzeko komiteko kideak, bestalde, bi gazteek pairatzen duten dispertsio egoera salatu zuen. Irigoien, izan ere, Nanterreko espetxean dago, (Beskoitzetik 750 km-ra) eta Olzomendik, berriz, «urtebetean hiru espetxetan izan da». Gaur egun, Chateaurouxko espetxean dago, hots Beskoitzetik 536 km-ra. Horiek horrela, urte osoan Beskoitzeko komiteak antolatzen dituen ekimenekin batera, heldu den martxoaren 26an, «Mattin, Peio eta beste Euskal preso politikoen alde» lelopean Hazparnen, arratsaldeko bost eta erdietan manifestaldia eginen dutela jakinarazi zuten.

Horren ondotik, Hazparneko Ttattola gaztetxean aperitifa eta kontzertua eginen dutela jakinarazi zuten. Horrekin batera, «Euskal Herriak pairatzen duen errepresio gordina onartezina eta jasanezina» dela azpimarratu zuen, bestalde, Emilie Martin Askatasunako ordezkariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo