Berezkoen Binakakoa
Ezkurra anaien arteko demarekin abiatuko da bigarren fasea Baigorrin
J.L.
Ezkurra anaien arteko demarekin abiatuko da bihar Baigorrin Binakakoen Txapelketako bigarren fasea. Lehenik, bi multzotan banatuta hiru bikote arituko dira, eta horietatik inor ez da kanpoan geratuko. Lehen sailkatuak finalerdiak jokatuko ditu, eta beste biek, berriz, final-laurdenak.
Saioa 17.00etatik aurrera hasiko da. Ezkurra I.a eta Etxeto Intxausperen eta Ezkurra II.aren aurka neurtuko dira. Ezkurra anaiak ez dira askotan neurtu lehiaketa ofizialetan, eta elkarren aurka lehiatzea egokitu zaie, hasteko.
Multzoko lehen sailkatuak izango duen saria kontuan hartuta, garrantzitsua izango da hasieratik irabazten ekitea. Faboritoak, zaleen ustez, bi beteranoak dira. Ezkurra I.a eta Etxeto. Patrick, 42 urterekin, lehiaketako zaharrena da, lehen fasea jokatu du, eta bolada onean dagoela erakutsi du. Eskarmentua, berriz handia du. Etxeto, berriz, une honetan sasoirik onenean dagoen atzelaria da. Beste aldean, Intxauperentzat lehen lehiaketa da hau, eta Ezkurra gaztea, berriz, ez dago bere mailarik onenean.
Txapelketak jarraipena etzi izango du Donibane Garazin, 17.00etatik aurrera, eta han Lanbert anaien arteko dema izango da. Laurent Lanbert eta Harizmendi Waltariren eta Ximun Lanberten aurka neurtuko dira. Kubatarra tarteko bada, beti faborito izaten da, eta etzi ere ez dira gutxiago izango, dirua nabarmen izango baitute alde.