Joxemiel Barandiaran, Iparragirre eta beste izen batzuk bildu ditu Elkarrek ipuin bilduma eta DVDan
Gipuzkoaren historian izen nabarmenak dira Ignazio Loiolakoa, Andres Urdaneta edota Joxemiel Barandiaran. Horien eta beste hainbaten biografiak moldatu ditu Elkarrek haurrentzat.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
«Erroman gaude, 1553. urtea. Aita Conçalves da Câmara presaka doa kalean barrena. Ez du berandu iritsi nahi. Orriak eskuan daramatza, luma eta tintontzia jakako patrikan. Honezkero zain edukiko du Ignazio Loiolakoa, bere bizitza kontatzen hasteko». Hala hasi du Pako Arisitik Ignazio Loiolakoari buruzko ipuina. Bertan protagonista Karlos I.aren agindupean soldadu zenekoak eta Montserrateko santutegira joan zenekoa kontatzen du.
Liburua Gipuzkoako Aldundiak, Elkar argitaletxeak eta Kutxak elkarrekin kaleratutako bilduma batean jasoa dago, «Gure pertsonaiak» izenburupean. Guztira bost liburu dira eta DVD batek osatzen du bilduma.
Bildumak biografiak haurrei zuzendutako ipuin bihurtu ditu; Ignazio Loiolakoa, Jesusen Konpainiaren sortzaileetako bat izan zena; Jose Migel Barandiaran, antropologo eta etnografoa; Andres Urdaneta Ozeano Barea zeharkatuz Filipinetatik Ameriketara itzultzeko ibilbidea topatu zuen marinela; Manuel Larramendi «Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence, Latin» hiztegiaren egilea; eta Jose Maria Iparragirre «Gernikako arbola» olerkiaren sortzailea; horien biografiak agertzen dira, hain zuzen. Orrialde bakoitzean pare bat paragrafo eta alboko orrialdean J. Carlos Nezabalen eta Imanol Zinkunegiren marrazki handi eta koloretsuak.
Moldaketak Pako Aristi, Mitxel Murua, Xabier Mendiguren Elizegi eta J. M. Olaziola Txiliku idazleek egin dituzte eta istorio bakoitza giro ezberdin batetik hasi du bakoitzak.
Pako Aristik Ignazio Loiolakoaz gain, Iparragirreri buruzko ipuina sortu du. Bertan, olerkaria bahiketa batean kokatu du eta karlistaldia, Estatu frantsesean igarotako urteak eta «Gernikako arbola» olerkia Madrilen abestu zuenekoak azaltzen ditu.
Mitxel Muruak Urdaneta marinela Mexiko hirian bizi zenean haur azteka batek egiten dizkion galderen aurrean ipini du. Hala, Joan Sebastian Elkano ezagutu zuen espedizioa azaltzen du eta munduari buelta eman ziola portuz portu egindako bidaietan. Xabier Mendiguren Elizegik, bestalde, Larramendiri bere hiztegia jasotzen duen unean hasi du kontaketa. Gainera, Joanes Etxeberri eta Xabier Munibe ere agertuko dira.
Azkenik, unibertsitateko ikasle gazte batek Lezetxikiko indusketa lanetan ezagutuko du Barandiaran eta hala jakingo du Aralarko trikuharri eta hezurrak nola aurkitu zituen.
Guztira, 2.500 bilduma kaleratu ditu Elkarrek, nahiz eta horietatik 1.500 Kutxak bere bazkideen artean banatuko dituen. Beste guztiak salgai jarriko dira liburu-dendetan. Bildumak 40 euro balio du, liburu bakoitzak, 5,50 euro eta DVDak, 16,30 euro.