Hego Euskal Herriko biztanleek aurreztuta dutena baino %17 gehiago zor dute
2010. urte bukaeran 107.032 milioi zor zizkieten Hego Euskal Herriko familia eta enpresek finantza entitateei. Bestetik, 91.469 milioi zituzten aurreztuta. Zorra, beraz, aurrezkia baino %17 handiagoa zen.
GARA | DONOSTIA
Hego Euskal Herriko familia eta enpresek aurreztuta dutena baino %17 gehiago zor dute. Izan ere, Espainiako Bankuak atzo argitaratu zituen datuen arabera, 2010. urte amaieran 107.032 milioi euroko zorra zuten Hegoaldeko euskal herritarrek eta 91.469 milioi zituzten aurreztuta.
Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) Estatu espainiar osoan aurrezkien eta zorren arteko erlazio txikiena zuen erkidegoa zen iazko urte amaieran. 83.322 milioi euroko zorra zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familia eta enpresek eta 73.715 milioi zituzten aurreztuta, beraz, aurreztuta zutena baino %13 gehiago zor zuten. Nafarroak 23.710 milioiko zorra zuen eta 17.754 milioiko aurrezkia, aldea beraz, %33,5ekoa izan zen.
Estatu espainiarrean Andaluziak ditu datu kezkagarrienak, aurreztuta zuena baino %111 gehiago zor baitzuen iazko abenduaren amaieran.
Estatu espainiar osoko datuei erreperatuta, familiek eta enpresek aurreztuta zutena baino %55 gehiago zor zuten. Zehazki, 1,782 bilioi euro zor zizkieten finantza erakundeei eta 1,149 bilioi zituzten aurreztuta. Aldeak gora egin du, 2009. urte amaieran zorra aurrezkiak baino %39 handiago izan baitzen.
Finantza entitate motei dagokienez, bankuak izan ziren iaz familia eta enpresei mailegu gehien eman zizkietenak, 884.263 milioi euro. Aurrezki kutxek 874.161 milioi eman zituzten eta kooperatibek 98.360. Aurrezkiak, berriz, aurrezki kutxek zituzten gehien, 579.247 milioi euro, eta bankuek 564.309 milioi.