GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Aitzolen jaiotzaren urteurrena

Euskal Pizkundearen argiak dir-dir, 115 urte geroago

Euskara eta euskal kultura zituen ardura nagusiak eta haiekin hezteko eta hazteko eskubidearen alde gogor borrokatu zen. Atzo 115 urte bete ziren Joseba Ariztimuño «Aitzol» jaio zela eta, horren karietara, Tolosak, bere herriak, urtean eskainiko dion lehen ekitaldia ospatu zuen. Euskal Pizkundearen argiek dir-dir egin zuten mende luzearen ostean.

p045_f01_199x104.jpg

Oihane LARRETXEA

Badaude garai zailetan indarrak batu eta aurrera egiteko ahalmen berezia duten pertsonak. Malda gogorra dela? Aurrera. Bidea harri koskorrez beteta dagoela? Hankaz bazterrera jaurti eta aurrera. Beti aurrera. Pertsona hauek badute, halaber, beste bertute erantsi bat: jendea erakartzeko ahalmena. Haizearen kontra bada ere, nabigatzeari uzten ez diotela ikusteak albokoari hatsa ematen baitio ekinean jarraitzeko eta, horregatik, ingurukoek beregan jartzen dute fedea. Itsu-itsuan. Halakoa zen Aitzol edo Joseba Ariztimuño (Tolosa, 1896- 1936, Hernani).

Idazlea, kazetaria eta apaiza zen, baina batez ere euskalduna eta euskaltzalea, euskaraz mintzatzeko eta, finean, bizitzeko grina zuena; horretarako garai ankerrean jaio arren. Estatu espainiarrean Primo de Riveraren diktadura zela -1923an hasi eta zazpi urtera amaitua-, literatura, poesia era kultur ekintza anitzen bidez geure hizkuntzaren normalizazioaren alde egin zuen. Justua da ez zela bakarrik aritu nabarmentzea, bidelagun ugari izan baitzituen. Haiek guztiei esker sortu zen gaur egun Euskal Pizkundea izenez ezagutzen duguna.

Orain aste batzuk Tolosako Udalak iragarri zuenez, 2011. urtea Euskal Pizkundearen urtea izango da eta honen harira, Euskal Herriko hainbat udalerri eta erakundek ekitaldiak ospatuko dituzte abendura bitartean. Urteurrena zabaltzeaz Tolosa arduratu zen, bertako Gorosabel (edo Rondilla) kalean jaio baitzen orain 115 urte Aitzol.

Aitzol eta Aitzol

Aitzol izeneko euskaltegian jarri zen atzoko omenaldiaren abiapuntua. Helmuga: Gorosabel kaleko 12. ataria, Ariztimuñoren jaiotetxea. Trikitiaz lagunduta egin zuten ibilbidea 50 lagun inguruk. Bertan ziren, besteak beste, Tolosako bizilagun ugari, Ramon Labaien politikari ohia, Tolosako alkate Jokin Bildarratz edota Karlos Linazasoro idazlea. Baina bazen, gerturatu zirenen artean, besteengandik bereizten zen norbait. Eta bera ere Aitzol. Aitzol Azpiroz.

Bere aitona Joseba Ariztimuñoren iloba zen, eta beraz, euskaltzalearen senidea da Azpiroz. Antolatzaileek denbora luzea eman zuten familiakoren bat topatzeko saiakerak egiten, baina ez zuten emaitzarik lortu. «Egunkarian irakurri nuen Euskal Pikzundearen urteurrena ospatu behar zutela eta ez nuen zalantzarik izan parte hartzeko». Azkenean, atzo goizean bertan lortu zuen programatzaileekin harremanetan jartzea.

Bere deitura, noski, ez da kasualitate hutsa. «Uztailaren 31 batean jaio nintzen, eta eguna zela-eta, badakizu, Iñaki jartzekotan ibili ziren». Tradizioa alboratu zuten bere gurasoek, kulturaren eragile izan zenari keinu maitekor bat egitearen alde.

Atarian plaka jarri ostean, herriko kultur etxean bildu ziren 20.00ak arte Aitzolen testuak irakurtzeko. Horretara bertaratu ziren 125 bizilagun baino gehiago. Tartean ziren Karlos Linazasoro idazlea, Ainhoa Aierbe, Iker Galartza edota Joseba Usabiaga aktoreak. Izen ezagunak batzuk, ezezagunak besteak, baina finean, eta garrantzitsuena, denek partekatu zutela egiteko berbera: Euskal Pizkundeak euskarari behar zuen epeltasuna emateko piztutako sua lau haizetara zabaltzea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo